Oiartzungo Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar arratsaldean plazan; udalak bat egin du deialdiarekin
Bihar herriko plazan elkartuko dira indarkeria matxista salatzeko.
Aurreko asteartean,
gizon batek etxeari su eman zion, Iruñean. Haren bikotekidea larri zauritu zen, eta astebete oso larri egon ondoren, ezin izan zituen zauriak jasan eta asteartean eman zuten bere heriotzaren berri. Yolanda Jaen Gomez zuen izena, eta 50 urte zituen. Bere bikotekidearekin urruntze agindua zuen, iraungitakoa.
Indarkeria matxistarekin lotura duen zortzigarren hilketa da. Indarkeria matxista salatzeko, eta nazkatuta daudela adierazteko, elkarretaratzea dute biharko, hilak 25. Oiartzungo Feministen Asanbladak egin du deialdia, 19:00etan. Oiartzungo Udalak, eskualde gainontzeko udalekin batera argitaratutako ohar baten bitartez, bat egin du mobilizazioekin.
“Ez ditugu onartuko”
Oarsoaldeko udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeen Mahaiak aho batez adierazi nahi izan dute emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarrera agertuko dutela. “Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen; erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”, esan dute.