Presoen urruntzea salatzen duen mozioa aztertuko dute plenoan
Urriko ohiko plenoa egingo dute datorren asteazkenean, hilak 31; udalbatzako kideek 11 puntu aztertuko dituzte
Datorren asteazkena urriko azkeneko eguna izango da, eta arratsalde horretan egingo dute hilari dagokion plenoa. 11 puntu edukiko dituzte esku artean, tartean Sarek aurkeztutako mozio bat. Euskal presoen urruntzeari dagokion mozioa da; herriko Joanes Larretxea Herrera de la Manchan dago, Oiartzundik 643 kilometrora.
Horrez gain, beste hainbat gai jorratuko dituzte: 2019ko taxi tarifa, hiri hondakinak kudeatzeko foru arauari egindako oharrak, kirol taldeen 2017/2018ko diru laguntzen ordainketa… Gai zerrenda osoa esteka honetan sakatuta irakur daiteke. Plenoa 19:00etan hasiko da.