'Zabala-Enea II' gaztetxearen 18. urteurrena ospatzen ari dira; egun osoko egitaraua ez du zapuztu eguraldi txarrak, nahiz eta saiatu den

Ostiko gaztetxeko zaindariaren pean atera dute argazkia.
Ilea urdinduta dutenek —edo urdintzen hasi zaienek— gogoan izango dute
2000 efektua. Sinesmen haren arabera, munduko ordenagailuak kolapsatu egingo ziren,
19-tik
20-rako zifra aldaketa hori kontuan hartu ez baitzuten. 2000eko urtarrilaren 1ean hondamendiaren arrastorik ez zen, eta bizitzak aurrera jarraitu zuen. Baita Oreretako Gazte Asanbladarentzako ere. Urte hartan gaztetxe berria eskuratu zuten, Gaztainoko eskola zaharrean.

Euriak txikizioak eragin ditu.
Gaur
Zabala-Enea II gaztetxean elkartu direnak haurrak ziren 2000 urte hartan, baina gazteen proiektu autogestionatuari jarraipena eman diote. Gaztetxearen urteurrena ospatzeko egun handia dute, nahiz eta —aurten bai— hondamendi txiki batekin argitu duen egunak. Prestatuta zuten estalpeak ezin izan dio euri jasari eutsi, eta Arcachongoari inbidiarik ez liokeen aquapark-a sortu da. Gazteek horri buelta eman diote, eta egoera bideratu dute, gaurko eguna ospakizunetarako delako.
Poteoa eta kontzertuak
Ekitaldi xume bat egin dute; bertan, hausnarketa prozesuaren berri eman dute: gazte mugimendua indartu behar dela ondorioztatu dute. Horregatik, belaunaldi berriek —gaizki ulertuak ekiditeko, ez itzuli gaztelerara— ateak irekita dituztela jakinarazi dute, autogestioan oinarritutako ereduaren lekukoa partekatu eta geroago jarraipena eman diezaioten.
Ondoren, tripa betetzeko txanda iritsi da, eta arratsaldean poteoa egingo dute, herriko tabernen aterpean. Gauean kontzertuen txanda izango da.
Hemezortzi urte ez direlako egunero betetzen, ostegunean pintxopotea egin zuten gaztetxean, eta atzo solasaldia antolatu zuten Iruñeko, Donostiako eta Azpeitiko gaztetxeetakoekin esperientziak partekatzeko. Gauean, berriz, gaztetxean sortutako Ostiko taldearen partida ikustera/jokatzera joan ziren Beraungo pilotalekura. Eta gainera irabazi egin zuten.