Xabier Vesga: "Gaur egun, edozein kontzertutarako balio du txistuak"
Xabier Vesga Errenteriako Udal Txistularien Bandako zuzendaria da. Herritarrak txistura nola erakarri da bere kezketako bat.
[Gipuzkoako Hitzan egindako elkarrizketa]
Xabier Vesga (Errenteria, 1976) Ereintza elkartearen txistulari bandan hasi zen txistua jotzen, eta udalaren soldatapean hasi zen lanean urte batzuk geroago. Jendea txistuaren mundura erakartzea da haren kezketako bat, baina ez du hori jarduera bakarra.
2003. urtean sortu zen egungo Errenteriako Udal Txistularien Banda…
Oposizio deialdi bat egin zen orduan, eta urte hartako uztailaren 20an jarri ginen abian. 1996tik, hala ere, Ereintzak bete zuen aurreko udal bandaren funtzioa. Hamabi musikariko taldea osatu genuen. Aldian behin aritzen ginen, txandaka; diana eta gainerako ekitaldiak tartekatzen genituen. Kontzertuak, berriz, denok elkarrekin eskaintzen genituen. 2003tik aurrera, lanbide bihurtu zen hura. Gure kasuan, lau kide gara bandan; Bilbon eta Donostian gehiago dira.
Zer esan nahi du txistulari bandako zuzendari izateak?
Hasieran, fabrikan egiten nuen lan, Niessenen. Krisia zela eta, eszedentzia hartzeko atea ireki zidan enpresak. Izena eman nuen Hezkuntzako zerrendetan, eta handik gutxira atera zen txistulari izateko oposizioaren aukera. Lanaldia ez zen hain luzea, hala ere. Udalak ekintza askotarako deitzen zion udal-txistulari taldeari. Haiekin eseri, eta hainbat gauza egiteko prest geundela esan genien, eta, lehengoarekin alderatuta, lana bikoiztuta daukagu orain. Udalak banda behar du, eta baita auzo elkarteek eta herriko eragileek ere.
Txistuak tradizio handia du Errenterian, ezta?
Uste dut herrian bertan 1753. urtekoak direla txistularien inguruko lehenengo datuak. Ordukoak dira lehenengo dokumentuak. Argi dago Errenteriak eduki izan dituela txistulari-koblakariak, eta banda oso famatu bat ere izan zuen. 1981ean, Pedro Lizardik zuzenduta, udal banden txapelketa irabazi zuen Bilbon.
Zuri noiz eta nola sortu zitzaizun interesa?
Osaba txistularia dut. Haren etxera joaten nintzenean, txistuak uretan sartuta zeuzkala ikusten nuen, egurrezkoak zirelako eta mantenu hori behar zutelako. Ordukoa da txistuarekin dudan lehen argazkia; 3 urte neuzkan. Musika egin nahi nuen, baina beste musika tresna bat aukeratzeko esaten zidaten etxean. Belarri ona nuela esaten zidan musika irakasleak, eta biolina-edo jotzeko. Baina txistuarekin gotortu nintzen ni, eta hala ekin nion bideari. Gainerakoan, etxean ez dut bizi izan musika girorik. Aitak esaten du Pasaiako atrileroa zela bere aitona… Agian hortik etor liteke zerbait. Edo ez.
Non hasi zinen jotzen?
Errenteriako kontserbatorioan egin nituen erdi mailako ikasketak, eta Donostiara joan nintzen goi mailako ikasketak egitera, egungo Francisco Escudero kontserbatoriora. Niessenen egiten nuen lan, eta ikasten ari nintzen aldi berean. Jose Inazio Ansorenak bere etxera eraman izan ninduen, txistua jotzeko. Beharra izan dutenean, ordezkapenak egin izan ditut Donostiako udal bandarekin.
2002an hirugarren gelditu zinen Euskal Herriko txistulari bakarlarien txapelketan.
Orain arteko azkena izan da hori. Donostiako txistulari bandako kide den Aitor Arozena oiartzuarrak irabazi zuen, eta Bilboko txistulari bandako zuzendari Garikoitz Mendizabal zestoarra sailkatu zen bigarren. Villabona-Amasan izan zen, eta hamalau bat txistulari aurkeztu ginen. Nire irakasle izan zen Itziar Busselok ere lortu zuen antzeko sari bat. Herriak, beraz, eman ditu txistulariak.
Igandero, auzoz auzo ibiltzen zarete diana jotzen.
Lehen ez zen hala izaten. Garai batean, Errenteria erdialdean bakarrik jotzen zuten diana, baina auzoz auzo jotzen hasi ginen gu. Herria handituz joan den heinean, logikoa da txistu hotsak ere auzo guztietara iristea. Ereintzarekin hasi ginen banda lanak egiten, eta jarraitu egin genuen gero. Ordubeteko buelta ematen dugu, eta udaletxean amaitzen dugu.
Ahalegin handia eskatzen du igande goizetan txistua joz ibiltzeak?
Lehen, parranda eginda ere, erraz jotzen genuen txistua, baina, orain, gehiago kostatzen da. Adinaren kontuak izango dira… Lehen, gainera, denbora gehiagoan jotzen genuen, eta gainerakoek esan behar izaten zidaten bukatzeko garaia zela [barrez]. Polita da, hala ere, eta jendeak eskertu egiten du. Auzo guztietan ateratzen da jendea leihora, eta asko estimatzen dute diana.
Txistularien kontzertu nagusia egin ohi duzue Madalen jaien bezperan. Hori al da urteko ekitaldirik garrantzitsuena?
Pregoi izenez zen ezaguna lehen, eta elkarlanean antolatzen zuten Ereintzak eta bandak. Gure eginkizunen barruan zegoen ardura hori. Egia da eguna aldatuz ibili izan garela beti, baina uztailaren 20an izango da aurrerantzean; finkatuta gelditu da hori. Artista ezagunen bat ekartzen saiatzen gara beti: Anne Etxegoienekin hasi ginen, Antonio de Huelva txistularia ere etorri zen, Alex Sardui iaz, Xabier Saldias aurten… Datorren urterako burua astintzen hasita gaude jada.
Buelta eman diozue kontzertuaren kontzeptuari.
Gazteak erakartzea da helburua. Gazteengana nola iritsi, hori izaten dut beti buruan. Nahiko erraza da adin batetik aurrerako jendea erakartzea, baina askoz zailagoa da gazteak inguratzea.
Asmatu duzuela dirudi, kontzertu hori ekitaldi saihetsezina baita errenteriar askorentzat.
Ez dakit festa gosea den, baina katarsi antzeko bat gertatu da. Tira, uztailaren 20a izanda, egunak berak ere lagunduko du. Oso arrakastatsua izaten ari da, eta txertatuta dago herrian. Herriko jende ezberdin asko etortzen ari da kontzertura. Dibertsitatea eskaintzen saiatzen gara, eta ederra da txistua ardatz duen kontzertu batean plaza jendez beteta ikustea; aurretik egindako lanaren emaitza da hori.
Txistua tradizionalegia da bestela?
Bai. Baina txistuaren bidez edozer gauza egin dezakegula adierazteko modu bat da kontzertua. Orkestra batekin jo daiteke txistua, edo rock abeslari batekin. Gaur egun, edozein kontzertutarako balio dezake txistuak.
Orereta ikastolan musika irakasle ere bazara.
Zortzi urte daramatzat ikastolan, DBHn. Alde onak eta txarrak ditu lan horrek, baina alde onei begiratzen diet nik. Luxua da norberari gustatzen zaion hori norberaren herrian bertan irakatsi ahal izatea; luxua da norbere herriko kultura, herriko musika… hori guztia gazteengan txertatzeko aukera izatea. Gaur egun, dena den, sakelako telefonoa da musika entzuteko modu nagusia.
Nola ikusten dituzu gazteak?
Gazteek entzuten duten musikara moldatzen eta ikasleengana iristen saiatzen naiz. Adibidez, Youtuben entzuten dutena txirulara egokitzen saiatzen naiz, haiek gusturago jo dezaten, zoritxarrez ez baitute oso gustuko txirula. Erakargarriago bihurtzea da kontua. DBH1 eta 2ren kasua da hori. Musikari beste zentzu bat ematen diogu DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin. Zer egin baino gehiago, nola egin erakusten diegu ikasleei. Sukalde lan hori lantzen dugu. Entseguak ikustera joateko aukera izaten dugu, eta, ondoren, zerbait muntatzen dugu guk. Imitazio moduko bat egiten dugu: Go!azen-en gisakoak egiten ditugu.
Hor ere burua estutzen duzu.
Kontzertu batera joatean, ez dugu ikusten atzean zer dagoen. Baina atzean zer dagoen ikusi behar da bost minutuko gauza bat egiteko ere. Gauza berbera gertatzen da bizitzan ere. Bizitzak ematen duen beste gauzetako bat da musika; komunikatzeko modu bat.
Lortu al duzu ikasleren bat txistuarekin zaletzea?
Eduki izan dut ikasleren bat, bai. Semeak, berriz, orain utzi du. Ikasketak, eskolaz kanpoko jarduerak… Adin batetik aurrera, aztertu egin behar da nola jarrai daitekeen musika ikasten.
Garai batean askoz jende gehiagok ikasten zuen txistua?
Eskoletan, poxpolina jotzen zuten txirularen ordez. Entzuna dut garbigarriren bat erostean poxpolinak oparitzen zituztela. Txistua ez dago pianoaren tonu berean; Fa notan dago; txirula, berriz, Do notan. Guk egokitu egin dugu jo beharreko hori.
Anne Etxegoien aipatu duzu lehen. Harekin txistua jota zaude Parisko Olympia sona handiko aretoan…
Iazko otsailean eskaini genuen kontzertu hori. Madalen jaien aurreko kontzertuan sortu zen harremana, eta, Parisko kontzertuaz gain, Donostian eta beste hainbat lekutan ere ibili nintzen harekin. Diskoan parte hartzeko aukera ere eskaini zidan, eta oso esperientzia polita izan zen.
Zuzendari zuzendua zinen, orduan?
Ezberdina da lan egiteko modua. Gitarra jotzaileak ez ditu hemengoak; Tolosakoa da bat [Okzitania] eta Pariskoa bestea. Bidarten [Lapurdi] elkartzen dira entseatzeko. Etxean izaten dute audioa, eta etxeko lanak eginda joan behar izaten da entseguetara.
Txistua jotzeaz gain, Gazte Kemena abesbatza ere zuzentzen duzu.
Ikastolako lagunekin sortu genuen korua, 17 urterekin. Ez nekien nola zuzentzen zen ere. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren ikastaro batzuetara joaten hasi nintzen, Zarautzera. Oinarri abesbatza ere zuzendu nuen, eta Errioxan txapelketa bat irabazi ere egin genuen.
Gipuzkoako Abesbatzen Txapelketa irabazitakoa zara Gazte Kemenarekin, Errenterian. Berezia al da garaikur hori?
Bi aldiz irabazi dugu, eta dezentetan amaitu dugu bigarren eta hirugarren. Gauza bereziren bat egin nahi dugu aurten; 25 urte hauetan parte hartu duen jendea gonbidatu nahi dugu urteurrena guztiok batera ospatzeko. Horretan ari gara lanean. Egun seinalatua izaten da urtero, bai. Bi parranda egun seinalatu dauzkat nire egutegian: uztailaren 21ekoa eta abesbatzen lehiaketaren ondorengoa, gauekoa.