Oraingoz, Txost pilota elkarteko Joxe Mari Mitxelena joango da Benidormera; hainbat herrialdetako pilotarien arteko partidak jokatuko dituzte
Gipuzkoa Bateko kideak. Beltzaz, Joxe Mari Mitxelena.
Orain dela aste pare bat jokatu zuten Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala, Madalensoroko joko zelaian. Bizkaiak Gipuzkoa Bat selekzioari gailendu zitzaion, azkeneko segundoan. Euskal Herria, hala ere, ez da modalitate hori jokatzen den herrialde bakarra, eta beste hainbat tokitan ere jokatzen dute.
Herrialde horietako ordezkariak elkartuko dira, datorren asteburuan, Benidormen (Alacant, Herrialde Katalanak). Euskal Herritik bi finalistak joango dira, eta Gipuzkoa Bat taldearen ordezkari moduan, Txost pilota elkarteko Joxe Mari Mitxelena joango da. Bera da, oraingoz, joango den oiartzuar bakarra.
Honakoak izango dira, Bizkaia eta Gipuzkoa Bat taldeekin batera, Benidormera joango diren taldeak, txapeldunen arteko txapelketaren zortzigarren edizioan parte hartzera:
- Thieulain (Belgika).
- Kersken (Flandria).
- Maubege (Frantzia).
- Toscana (Italia).
- El Campello (Valentzia).
- Orba (Valentzia).
- Benidorm.