Zaporeak elkartearentzat San Pedron bildutako arropa ez da Greziara iritsiko
Atsekabez eman dituzte azalpenak San Pedroko boluntarioek
Zaporeak elkarteak negurako arropa biltzen aritu da azken asteetan Greziako errefuxiatuentzat, eta San Pedron boluntario talde bat deialdiari erantzunez arropa bilketa antolatu zuen lehengo astean herrian. Arduradunek azaldu dutenez, herritarren erantzuna primerako izan zen, eta arropa ugari bildu zuten. Esker ona adierazi diete arropa eman zuten guztiei.
Gauzak, baina, okertu egin dira gerora. Arropa sailkatu ondoren, beharreko baldintzak biltzen ez zituen arropa asko albo batera utzi behar izan zuten, eta hura ere asko zenez udalari eskatu zioten laguntza, balio ez zuen arropa Oldberrira eraman zezaten.
Boluntarioen atsekaberako, baina, udal zerbitzuek arropa guzti-guztia jaso eta bideratu zuten Oldberrira, balio ez zuena, baita baita Zaporeak elkarteak Greziara bideratu behar zuena ere. Minduta daude boluntarioak udalak honen aurrean hartu duen jarrerarekin: “Hanka sartze bat denok uler dezakegu, baina erantzuna zuekiko eta errefuxiatuekiko nahiko eskasa iruditzen zaigu akatsaren arduradunen aldetik, Pasaiako alkatetzatik, udaletik. Gu geu izan gara arroparen ibilbidea zein izan den jakiteko kezkatu garan bakarrak. Udalak aho txikiz eskatu du barkamena”, adierazi dute arropa eman zuten herritarrei azalpenak eman asmoz HITZAra helarazi duten eskutitzean.
