Oihartzun Guk taldeak lapurreta salatu du, eta herri mugimenduaren kontrako "eraso larria" dela adierazi dute; proiektuarekin "indartsuago" jarraituko dute
Lapurrak sarraila bortxatu eta barrura sartu ziren ostiralean.
Oihartzun Guk gazte taldeak jakinarazi du pasa den ostiralean, hilak 23, Kataxulo gaztetxean lapurreta egon zela. Azken lau hilabetetan bigarren aldiz, gaztetxeko atea bortxatu, eta bertan zeuden objektuen artean miatu ondoren, diru kutxa osoa eraman dute.
Oihartzun Guk-ek salatu duenez, baliabide gutxi dituztela dituztela, eta horiekin aurrera eramaten dutela herri mugimenduko proiektua. “Proiektu honen kontrako eraso larria da, eta, beraz, herritar guztion aurkako erasoa”, zehaztu duenez.
Argi utzi nahi dute lapurrak ez direla ongietorriak izango ez beren espaziotan ezta jardueretan ere. “Sinesten dugun proiektu honetan lanean jarraituko dugu, orain inoiz baino indartsuago”, iragarri dute.