‘Hitzen lihoa’, izan zirenena jaso eta izango direnei emateko
Gaurtik hasi eta asteartera bitartean, ‘Hitzen lihoa’ iniziatiba egingo dute, Xabier Lete gogoan, sormenaren ondarea transmititzeko
Hilabete batzuk zeramaten iruten, astalkatzen, harilkatzen, eta, azkenik, josten. Ehuna bezala, Hitzen lihoa kultura iniziatiba abiarazi dute sormenaren munduan dabilen oiartzuar talde batek. Xalbadorren heriotzean abestitik hartu dute talde/ekitaldien izena; Xabier Lete zena erreferentzia bezala hartu du talde horrek kultura transmisioari segida emateko.
Aurkezpenean azaldu zutenez, jende bat elkartu zen Oiartzunen hitzaren, bertsoaren eta musikaren «zerbait» egin behar zutela pentsatuz. «Bagenituen (eta baditugu) gure herrian euskal literaturari ekarpena egin dioten idazleak, bagenuen (eta badugu) bertsolaritzarekiko halako tradizio bat, izan ditugu (eta baditugu) euskal musikagintzan bidea urratu dutenak», adierazi zuen, denen izenean, Goiatz Labandibarrek. Iraganean izan dituztenak gogorarazteko beharra ikusi zuten, egungo medioak baliatuta, etorkizunean berriak sor daitezen. Enbor beretik sor daitezen besteak.
«Zerbait» horrekin pentsatzen ari zirela, Xabier Lete etorri zitzaien gogora. «Hitza, bertsoa eta musika uztartu zituen; abiapuntu ederra gure asmoari forma ematen hasteko», gaineratu zuen. Hitzen lihoa berak hiru fazeta horiek batzen ditu: bertsolari bati idatzitako kantua.
Abenduaren 4aren bueltako asteburua aukeratu zuten, asteartean beteko baitira zortzi urte Lete hil zenetik. Ekitaldi dezente antolatu dituzte, eta oiartzuar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Gainera, nerabe eta haurrei transmitituko diete: gaur, Kuadrillategin, Xabier Lete ezagutzeko jolasa egingo dute eta bukatzeko Malen eta Ekain Elizasuren emanaldia izango da. Asteartean, Antton eta Joxeleon Kazabonek kantu eta poesia emanaldia eskainiko ditete, LHko ikasleei, ludotekan, 17:00etatik aurrera.
Musikan, poesian eta bertsoan ondare handia utzi zuen gizona
Xabier Lete Bergaretxe Oiartzunen jaio zen, 1944ko apirilaren 5ean. Donostiako La Sallen egin zituen ikasketak, eta ondoren, Tarragonara (Katalunia) joan zen ikasketa teknikoak egitera. Ez zituen bukatu, eta Euskal Herrira bueltatu zen, Antxoko Bianchi lantegian lan egitera. Garai hartan hasi zen poemak idazten, baita Lartaun antzerki taldean ere. Zeruko Argia-rekin ere kolaboratzen zuen.
Ez Dok Amairuren sorreran parte hartu zuen, 1965ean, baina hasieran ez zuen kantatzen. 1966an jarri zen mikrofono baten aurrean, eta urte hartan bertan Lourdes Iriondorekin harremanean hasi zen. 1968an argitaratu zuen lehen single-a, baita lehenengo poema liburua ere bai: Egunetik egunera orduen gurpillean. Lau urte geroago desegin zen Ez Dok Amairu, eta beste musikariekin elkarlanean hasi zen. Musika sorkuntza propioan ez ezik, bertsolari zaharren lanak kantatu zituen.
1978an oholtzetatik jaistea erabaki zuen, kantaldiak mitin politiko bihurtu zirela iritzita. 1980ko hamarkadan etenaldi bat egon zen bere sorkuntzan:?instituzioen politikan aritu zen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari izan zen lehendabizi —1983 urtetik—, eta ondoren diputatu, EAJrekin, 1985ean. Urte hartan bertan gaixotasun larri bat diagnostikatu zioten, eta haren kontra borrokatu zen.
1990ko hamarkadan bueltatu zen sorkuntzaren esparrura. 1991n Eskeintza diskoa grabatu zuen, eta Zentzu antzaldatuen poemategia eta Biziaren ikurrak argitaratu zituen hurrengo urtean. Guztira hemezortzi album publikatu zituen, horietako zazpi aldi berean—2001ean—, bertso zaharrak jasoz. Hori izan zen estudioan sartu zen azkeneko aldia.
Azken liburua 2008an izan zen. Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuak Euskadi Saria lortu zuen, baita Espainiako Kritikarien Saria ere. Utzi zuen uzta handi(ago)a izan zen. Urnietan dago lurperatuta Xabier Lete.
Jon Martin: “Gozamen bat izango da”
Hainbat artista elkartuko zarete biharko ekitaldian. Zuk, Beira taldearekin parte hartuko duzu. Zer duzue prestatuta??Sorpresarik egongo al da?
Xabier Leteren kantak eskainiko ditugu kontzertuan zehar. Gure kasuan, Haizea dator ifarraldetik joko dugu. Atzo [astelehenean] abestia entseatzen aritu ginen. Giza aberea abestia ere kantatuko dugu.
Beirak bi partaidetza izango ditu. Alde batetik, ni neu ariko naiz abeslari. Bestetik, Irati Odriozolak beste kantu bat abestuko du. Bakoitzean kantari bat izango da protagonista. Bi abeslari ditu Beirak, baina larunbatean bakarka abestuko dugu.
Asko izango zarete San Esteban parrokian bilduko zaretenak. Oiartzungo gainontzeko artistekin elkartzeak zer suposatzen du zuentzat? Erakusleiho bat al da?
Biharko ekitaldia, eskaparate bat baino gehiago, musikarion topagune bat izango da. Musikarien lana nahiko bakartia izaten da, bakoitzak bere aldetik jarduten du, eta plazak elkartzen gaitu, modu kapritxoso samarrean. Orduan, irizpidea guztiz geografikoa izango da. Polita da berta-bertako jendearekin kantatzeko aukera izatea.
Niretzat oso-oso berezia izango da. Xabier Leteri buruzko tesia egiten ari naiz. Orduan, kanta bat abestu edo entzuten dudan bakoitzean, letratik bastante harago joaten naiz, eta buelta asko ematen dizkiet letrei. Niretzako gozamen bat izango da.
Kontuan hartu behar da kontzertua elizan izango dela. Gitarra bat eta ahotsa xume-xume gera daiteke, baina instrumentu elektrikoekin zein oihartzun egin dezaketen-eta soinu probatan konpondu beharko dira. Bolumenekin-eta asmatu behar dugu; ez da erraza izango. Suposatzen da soinu teknikariak konponduko dituela.
Xabier Letek zer suposatzen du Jon Martin bezalako oiartzuar batentzat?
Nire bizitzako lehen kantaria da, edo lehen kantarietako bat behintzat. Sehaskan negoela ere entzuten nuen kantari horietako bat da. Xabier Leteren Sehaska kanta izango da, seguraski, entzun dudan lehenengo kantua.
Gainera, ez nuen aukerarik izan —izan baldin banuen— Xabier Leteren kontzertu batera joateko. Ez nuen sekula zuzenean entzuteko aukerarik izan, eta arantzatxo hori ateratzeko modu bat bada kontzertu hau neurri batean.
Maider Zabalegi: “Ongi merezitako aitortza izango da”
Zer prestatu duzu biharko emanaldirako?
Abesti bat aukeratu dugu. Aukeraketarekin zalantzak izan ditudala onartu behar dut: hasieran bat, gero beste bat, eta azkenean Amaren bularra aukeratu dut. Txikitatik ezagutzen dudan kantu bat da, niretzako oso berezia da, eta oso polita. Urbil Artolak lagunduko nau horretan.
Erakusleiho izango al da?
Erakusleiho bat baino gehiago, Xabier Leteren omenezko ekitaldi sorta bat bezala dela uste dut. Letek izugarrizko lana egin du euskalgintzan, esparru ezberdin askotan. Hori presente edukitzea, eta horrelako urteurrenak aitzakiatzat hartuta, polita da horrelako ekitaldiak egin ahal izatea.
Asko izango zarete San Esteban parrokian bilduko zaretenak. Oiartzungo gainontzeko artistekin elkartzeak zer suposatzen du zuentzat? Erakusleiho bat al da?
Oiartzungo gainontzeko artistekin harremana badago, ez bada modu batera, bestera. Laguntza eskatu ohi izan diet herriko beste abeslariei, zalantzaren bat dudanean, edo kuriositateak asebetetzeko. Beraiekin bildu izan naiz. Azkenean, kolaborazioak beti egon ohi dira, eta hori oso polita da. Musika elkarrekin bizi dugun proiektua da, eta hori partekatu ahal izatea, oso aberasgarria da.
Jon Bergaretxerekin, adibidez, urteak dira ez garela elkarrekin egoten, eta elkartzeko aukera ona izango da.
Maider Zabalegirentzako nor zen Xabier Lete?
Oiartzunen zein Euskal Herrian pertsona oso esanguratsua izan da, lehen esan dudan arrazoi horregatik. Utzi digun ondarea izugarria izan da, eta nik asko miresten dudan pertsona bat da Xabier Lete.
Azken urteetan zeukan heriotzarekiko interes edo kutsu hori… Bai, pertsona oso miresgarria iruditzen zait. Lan handia egin du ondarea zabaltzen: berari esker, ahaztuta geratuko ziren gauza asko errekuperatu dira, eta hori ezingo da inoiz ahaztu. Denaren gainetik, larunbatekoa, aitortza egiteko modu bat izango da, zalantzarik gabe. Ongi merezitakoa, gainera.
Egitaraua
Gaur
Mahai-ingurua eta kontzertua. Xabier Lete: idazlea eta kantaria mahai-ingurua, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Partaideak: Alex Gurrutxaga, Joxe Angel Irigarai, Jon Martin eta Antton Valverde. Xabier Letek poesian, Ez Dok Amairu mugimenduan, bertsogintzan eta kantagintzan egindako ekarpena izango dute hizpide. Gauean: Ruper Ordorika Bakarka, 22:30ean, udaletxeko areto nagusian. Kontzerturako sarrerak Kastron eros daitezke, zortzi euroren truke. Egunean bertan, hamar euro balioko dute.
Bihar
Kontzertua.Xabier Leterenak Xabier Leteri jarriak emanaldia, 19:00etan, San Esteban elizan. Oier Guillanek aurkeztuta, herriko abeslari eta musikariek Xabier Leteren abestiak joko dituzte. Beira, Jon Bergaretxe, Begoña Bergaretxe, Joxe Leon Kazabon, Oihana Lekuona, Irati Odriozola, Mirari Perez Gaztelu, Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegi. Tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete Poesia Sariko irabazleek euren eta Leteren poesia bana errezitatuko dute: Luis Garde, Karlos Linazasoro, Juanjo Olasagarre eta Asier Serranok. Dohainik izango da.
Etzi
Ikastaroa.Urrian hasitako ikastaro bat bukatuko dute: Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? ikastaroaren laugarren eta azken saioa egingo dute, Rafa Ruedaren eta Gotzon Barandiaranen eskutik. Azken saio horrek, bereziki, Xabier Lete izango du ardatz eta nahi duenarentzako izango da (ez da zertan aurreko saioetara joan behar izan). Sarrerek bost euroko prezioa izango dute (Kastron).
Hilaren 4a, asteartea
Sari banaketa. Leteren heriotzaren urteurrenean, Oiartzungo Udalak antolatzen duen Prosa eta Poesia Lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izango da. Orain arte Txerri Egunean ospatu izan denak Xabier Leteren urteurrenarekin bat egitea egoki irudituta, Hitzen lihoa-k data aldatzeko proposamena egin zion Euskara Batzordeari. Begi onez ikusi zuen; herritar gazteagoekin transmisio lan bat egingo da.