Batelerek, aurreko lau urteetan bezala, Pasaiako Udalaren aitortza jaso dute gaur eguerdian sasoian lortu dituzten garaipenengatik.
Ekitaldian parte hartu dutenak, udaletxearen sarreran.
San Juango emakumeek Kontxa irabazi izan duten aurreko lau urteetan bezala, gaur, Pasaiako Udalak harrera egin die batelerei aurten bosgarrena irabazi dutelako. Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztietako kideek aitortu dute arraunlarien egitekoa. Lehenik hizketaldia egin du alkateak, ondoren udalak oroigarriak —arraun eta plaka moduan— eman dizkie arraunlariei, Anartz Gereño entrenatzaileari, eta Xabier Arraras Koxtapeko presidenteari —hark ere hitz egin du—; bukatzeko, Donibaneko udaletxearen atarian, ohorezko agurra dantzatu diete ekitaldian izan diren guztiei.
Giroa arraroa. Lasaia, zuzena, baina arraroa. Ez da aurrekoetan bezainbesteko irribarre zabal edo festarako grinarik izan harreran. Ez. Horren guztiaren atzean, aurtengo Kontxa eta EuskoTren Liga, nahiz aurreko urteetako ia dena irabazi duten bateleren ukoa Koxtapen jarraitzeari, gaurko ekitaldian islatu dena: taldeko arraunlari izandakoen ordezkaritza bat alde batetik, eta
atzo berretsi zuten zuzendaritza taldeko kideetako batzuk bestetik. Alde bakoitzak egin duena eta zergatik egin duen azaldu izan du aurretik, tartean, atzoko Koxtaperen ezohiko batzarrean. Baina gaurko ekitaldian haustura hori irudikatu egin da.
Izaskun Gomez alkateak hitz egin du udalbatzaren izenean. Batelerek lortutakoak, arraunaren historian gorenean jarri dituela esan du, “merezita gainera. Zorionak eta eskerrik asko. Askotan erakutsi duzue zuen balioa eta borrokatzeko indarra. Oso gogorra den kirol batekiko izugarrizko konpromisoa azaldu duzue. Zuek jakitea nahi dut talde lanaren eredu zaretela. Irabazi duzuenean zuen emozioa ikusi dut, baita zaleena ere. Alkate bezala, baina batez ere emakume naizen aldetik, berdintasunari eman diozuen balioari aipamen berezia egin nahi diot. Kirolean berdintasunaren eta hobetzeko grinaren eredu zarete. Kirolean hasi berri diren emakumeen eredu zarete, baita gaitasun fisikoena eta teknikoarena ere”. Alkateak nabarmendu du, aldi berean, gauzak egiteko gaitasunak ez duela harremanik generoarekin.
“Batelerak. Hau bost sasoi handiren azkena izan da. Erromatarrez, bost zenbakia ‘V’ batekin irudikatzen da. Garaipenaren zeinua da ‘V’. Arraunarekiko emozio berezirik sentitzen ez zuten pertsonak, ni barne, emozionatu dituzue. Ez diguzue behin ere huts egin. Udal honek aitortza egin nahi die, esker onetik, umiltasunetik eta maitasunetik, beirazko sabaia hautsi duten kirolari horiei. Zuei”. Horrela bukatu du alkateak bere hizketaldia.
Xabier Arrarasek, Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartearen presidenteak, hitza hartu du ekitaldian. Klubaren izenean udalari eskertu egin dio aitortza egin izana. Batelerak ere zoriondu ditu Arrarasek, “lortu dituzten garaipenengatik”. Hori esanda, presidenteak Gazte Mailako emakume arraunlariei aitortza egin die, “aurten den-dena irabazi dute: txapelketak, ligak… Guretzat hori ere harro egotekoa da. Guretzat garaipen hau ez da bakarrik batelerena, zabalagoa baizik. Egiten diguzuen aitortza hau zuzendaritza batzorde guztiari ere zabaldu nahi nioke, arraunlariek garaipenak lor ditzaten lan egiten dutelako, deus ere faltan izan ez dezaten lan egiten dutelako”.