EAJk aurkeztutako etxebizitza hutsak alokairu sozialerako mobilizatzera bideratutako kontu-sail proposamena gehitu diote aurrekontuari.
Atzoko osoko bilkura.
54 miloi eurotik gorako aurrekontua izango du Errenteria-Oreretak 2019. urtean. Atzo argi berdea eman zion plenoak
gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamenari EH Bildu eta Errenteria Irabazizen aldeko botoekin. Aurrekontuaren ardatz, mugikortasuna, gizarte babesa eta kultura; eta proiektu esanguratsuenak, berriz, Beraungo igogailua, Gaztaño auzoan igogailua egiteko proiektua, 162 aparkaleku plaza izango dituen Barandiaran parkeko lurpeko aparkalekua, Lekuona Kultur Fabrika eta Beraungo Kultur Etxea. Horiek datorren urterako proiektu izarrak, ez bakarrak, ordea.
Gizarte babesaren aldeko apustu irmoa egin duela gobernu taldeak datorren urteko aurrekontuetan berretsi zuen Jon Txasko Ogasun zinegotziak atzoko plenoan, “iazko kopuru beretan mugituko gara aurten ere diru zati horretan; guretzako ezinbestekoa da gizarte babesaren aldeko apustua”. Udalak herritarrekin gai horretan duen ardura eta konpromisoa nabarmen utzi zuen, eta gogora ekarri, Errenteriako Udala
gizarte ongizatean 20.000 biztanletik gorako herrien artetik biztanleko gehien inbertitzen duena dela aitortu ziola joan den urte amaieran, Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak argitara atera berri zuen txostenean, “eta horretan jarraitzeko konpromisoa berresten dugu”.
Zazpi urte atzera egin zuen Txaskok, gainera, garai hartan EH Bilduk alkatetzan egonik egin zuten lehen aurrekontuan egoera zein zen gogora ekartzeko: “Gastu guztiak kokatu genituen lehenik, eta amaitu genuenean, lehenengo zirriborro hartan, ohartu ginen genituela 3.000 euro inbertsioetarako. Egoera latza, benetan. Aurkitu genuen udala kiebra tekniko batean, aurreko agintaldietan, gu alkatetzara heldu aurretik, sortutako zorrengatik. 2011, 2012, eta 2013. urteetan gutxi gorabehera 4 miloi eurotik gorako zorra ordaindu behar izan genuen. Horretaz gain, 2011n zehazki, interesengatik 420.000 euro ordaindu behar izan zituen udalak. Hori zen egoera. Zorionez garai horiek bukatu dira, eta egoera hura eraldatzea lortu duela udalak esan dezakegu. Aztertzen ari garen aurrekontu proposamena, 54.500.000 eurokoa da, horietatik 1.950.000 amortizazioak ordaintzeko dira, 165.000 euro interesak ordaintzeko, eta 6.173.000 euro inbertsioetarako”.
Aurrekontu proposamenak, aldaketa batekin egin zuen aurrera. Izan ere, EAJk aurkeztutako zatikako hamalau zuzenketetatik batek aurrera egin zuen EH Bildu eta Errenteria Irabazizen aldeko botoekin. Horren arabera, aurrekontua diru sail berri bat txertatu dute, etxe bizitza hutsak alokairu sozialerako mobilizatzera bideratutako kontu-saila zehazki, Bizigune alokairu babestuko bigarren eskuko etxebizitzen programarekin bat egiten duten herritarrei begirakoa.
EAJk aurkeztutako gainontzeko zuzenketak ez zituen onartu plenoak, ezta
PSE-EEk aurkeztutako bost zatikako emendakinak ere.
Pertsonak eta haien beharrak erdigunean jartzen dituela aurrekontuak esan zuen Irabazizeko bozeramaile Ion Collarrek, “herritarrak entzutea eta haien eskaera eta beharren aurrean ekitea eta erantzutea da gobernu taldearen konpromisoa”.
Oposizioko alderdiek aurkeztutako emendakinen artean PSE-EEk Atlantikaldia antolatzeko diru zatiaren igoera, eta Gaztañoko igogailuaren proiektuari bideratutako diru zatia bertan behera uztea eskatzen zutenak, eta EAJk Erdiko kalean gobernu taldeak ostatu aterpetxe bat abian jartzeko proposamena bertan behera utzi, eta eraikinari zein erabilera eman adosteko parte hartze prozesua egiteko proposamenak sortu zuten eztabaida gehien.
Julen Mendoza alkateak Erdiko kaleko 11. zenbakian udalak egin nahi duen ostatu-aterpetxea 2012tik datorren kontua dela esan zuen, “ostatu aterpetxea egitea plan estrategikotik eratorritakoa da, eta hura osatzeko, parte hartze prozesu bat egin genuen. Alojamendu gabezia handia daukala herriak atera zen prozesu horretan, eta apustu publikoa egin behar zela. Hiru arlo lotzen dira: plan estrategikoan beharrezkoa ikusi zen alojamendurako eskaintza, merkataritza bultzatzea, eta Alde Zaharra biziberritzea. Proiektu bakarrean hiru behar ezberdinei erantzuten ari gara, eta oso garrantzitsua da guretzat, garrantzi bizikoa”.
Gaztañoko igogailuaren azterketa proiektuaz mintzatu zen ondoren, eta harridura azaldu zuen Mendozak alderdi sozialistaren jarreraren aurrean, “igogailu batzuekin tematuta azaltzea, eta beste batzuekin, berriz, hain interes eskasa azaltzea harritzekoa da. Gobernu taldearen apustua argia da, herrian mugikortasuna hobetzea. Datorren urtean Beraunen igogailua izango dugu, eta hurrengo proiektua Gaztañon izan behar duela sinistuta gaude, Euskotreneko erabiltzaileei erantzuteko batetik, eta zahartzen ari den Gaztaño auzoari erantzuteko, bestetik. Irisgarritasunari begira proiektu garrantzitsua da, gure apustua”
Atlantikaldiaz mintzatu zen azkenik alkatea, eta kontraesankorra iruditu zitzaion merkataritza sustatzeaz hitz egitea eta ondoren, Atlantikaldiari 230.000 euro kentzea eskatzea: “Atlantikaldia sendotuta dago bost ekinaldien ostean, erreferentea da, eta herria ere erreferente egin du. Ondorioz, herriaren bizitzak, eta komertzioek ere lortu dute erreferentzialtasuna. 230.000 euro kenduta ez dakigu zer litzatekeen, baina ez behintzat Atlantikaldia, beste zerbait litzateke. Mingarria da EAJk esatea finantziazio pribatua lortu beharko litzatekeela Atlantikaldia egiteko, beste jaialdi batzuk erakunde publikoetatik dirutza izugarria jasotzen duten bitartean. Guri espontsorizazio pribatua lortzeko esfortzu handiak eskatzea, mingarria da, beste batzuetan diru publikoa jartzen ari denean; mingarria da, gure herrian ez defendatzea gauza bera”.