EH Bilduren alkategaia izango da 2019ko hauteskundeetan; koalizioaren Hauteskunde Batzordeak aho batez onartu du hautagaitza bakarra
Jexux Leonet egungo alkatea da.
Jexux Leonet Elizegi izango da EH Bilduren hautagaia 2019ko maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeetan. Egungo alkatea da Leonet, eta hautagaiak aukeratzeko prozesuan aurkeztutako hautagaitza bakarra. Oiartzungo EH Bilduren Hauteskunde Batzordeak aho batez onartu du.
“2015ean udal hauteskundeetara alkategai aurkeztu zuen EH Bilduk”, esan du koalizioak, ” eta orduan erronka honi gogoz eutsi zion”. Baita eutsi ere, EH Bilduk modu positiboan baloratu baitu bera buru izan duen lan taldearen agintaldi oraindik ez-agortua. “Egin duen lan bikainagatik eta hasitako bideari jarraipena emateko berriz ere EH Bilduko Hauteskunde Batzordeak Jexux proposatu du alkategai, Oiartzunek dituen erronka eta proiektuak aurrera eramateko hautagairik onena delako”.
Agintaldi berri bati eustea erronka makala ez dela gaineratu dute, baina EH Bilduk ziurtatu du duela lau urteko ilusio berarekin hartu duela berriro alkategai izateko ardura.
Leonet 1968an jaio zen, Karrikan, eta egun Elizalden bizi da. CAFeko langilea da, eta LABeko ordezkari izan da bertako enpresa batzordean. Jaiolekuko Artaso elkarteko bazkide da, eta herri mugimenduan militatu du, Independentistak sarean, kasu.
2019an kargua berrituko balu, 24 urteren ondoren egingo lukeen alkatea izango litzateke. 1995ean Jon Iñarrak hirugarren aldiz irabazi zituen hauteskundeak, Herri Batasunarekin. Ondoren, hautagai aldaketa edo ilegalizazioagatik, ez da gertatu.
2015ean, Oiartzungo EH Bilduk 3.169 boto jaso zituen (%
65,94), eta bederatzi zinegotzi lortu. Datorren urtean, nola edo hala, pleno aretoan tokia egin beharko dute, udalbatza hamahiru zinegotzitik hamazazpira pasako delako.
Programa, aurrera
EH Bilduk programa osatzeko lanean jarraitzen du. Arloz arloko diagnosia egin zituzten lehendabizi, eta orain eragileekin partekatzen eta ekarpenak jasotzen ari da EH Bildu. “Herritar guztiena izango den herri programa osatu nahi dugu; datozen 4 urteetako bidea eta proiektuak oiartzuar guztien artean zehaztu nahi ditugu”.