Errenteriako lehen orientazio proba antolatu dute hilaren 30ean. GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak eta udalak antolatu dute elkarlanean.
Errenteriako I Orientazio proba antyolatu dute.
Errenteria Hiriko I. Orientazio Proba egingo dute hilaren 30ean GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak eta Errenteriako Udalak. Proba hori gainera, Gipuzkoako IV. Orientazio liga herrikoirako puntuagarria izango da, eta azken horretako lehen proba. Orientazio mapa bat oinarri ibilbide zehatza egin beharko dute parte hartzaileek helmugara heltzeko hainbat baliza pasata.
Gaur aurkeztu dute proba hori Jon Txasko Kirol zinegotziak eta Ibon Goikoetxea GOTeko kideak. Azken horrek, hilaren 30eko proba herritar guztien neurrirakoa dela nabarmendu du, “6 urtetik 90 urtera bitarteko edonork har dezake parte, aditua eta aritua izan edo orientazio kirolaren gaineko ezagutzarik izan gabe ere”. izan ere, hori omen du orientazioaren kirolak, lehia moduan praktikatu daiteke, edota jolas moduan. Bakarka, taldeka, familian… horretan ere ez du mugarik orientazioak.
Horrenbestez, hiru ibilbide antolatu dituzte Errenteria Hiriko I. Probarako. Ibilbide gorriak, 29 baliza ditu eta 8 kilometroko ibilbidea; ibilbide laranjak, 25 baliza, eta 4 kilometroko ibilbidea; ibilbide horiak, azkenik, ume eta familiei zuzendua, 16 baliza, eta 2,5 kilometro izango ditu. “Bertaratzen direnek mapa bat jasoko dute, eta bertan, herrian zehar kokatu diren balizen kokapena ikusiko dute. Maparen laguntzaz, puntuak bilatu eta txip baten bidez antolaketak jakingo du bertan izan direla parte hartzaileak, horrela ibilbide guztia osatuz”, azaldu du Goikoetxeak.
Zumardiko kioskotik abiatuko dira parte hartzaileak. 09:00etan zabalduko dute harrera gunea bertan, eta ordu erdi beranduago hasiko dira ateratzen parte hartzaileak ibilbideak egitera launaka. Erlojupeko bat bailitzan, 12:00ak arte irtengo dira, eta 14:00etan itxiko dira ibilbideak. Izena emateko epea zabalik da dagoeneko, eta hilaren 27ra arte izango da izena emateko aukera. Ezinbestekoa da
izena ematea parte hartu ahal izateko. Izen emateak 5 euro balio du. Hasi berriei begira, gainera, hastapen ikastaro laburra emango diete, hamabost minutukoa.
Errenteriako lehen orientazio proba hori herrikoia izanik, herrian barrena egingo dute, “horregatik animatu egin nahi ditugu kirola ezagutzen ez duten herritarrei, baita familiei ere parte hartzera. Oinez egin daiteke proba eta iparrorratza izatea ez da beharrezkoa”. Probak, gainera, Errenteriako hainbat txoko ezagutzeko aukera eskainiko die parte hartzaileei.
300 lagunetik gora
Euskal herrian ez dela sobera ezaguna orientazio kirola esan du Goikoetxeak, hala ere, hilaren 30eko proban 300 lagunetik gora parte hartzea espero dutela nabarmendu du, Euskal Herritik, zein Euskal herritik kanpo iritsitakoak 500era heldu daitezkeela ere esan du.
GOT elkartearekin abiatutako elkarlanarekin oso pozik dagoela udala esan du Txaskok: “Jarduera polita da, kirola egiteko modu bat, eta ondo pasatzekoa bakarka edo familian, eta horretara animatu nahi ditugu herritar guztiak”.