Urteko azkeneko plenoa ziztu bizian joan da; datorren urtean egingo diren kultur ekitaldientzako diru laguntzen oinarriak ere onartu dituzte
Atzo egin zuten urteko azkeneko pleno. Gutxi batzuk falta dira agintaldiko azkena iristeko.
Urtea bezala joan zen atzo egin zuten ohiko plenoa: azkar. Guztira, 11 puntu jorratu zituzten, gehi zerrendaz kanpoko beste bat. Horien artean, Oiartzungo Udalaren Euskara Erabileraren Plana, 2018-2022 epealdiari dagokiona. Seigarrena da plan hori.
Nabarmendu zutenez, lehenengo planetik hainbat hobekuntza egin dituzte: dokumentazio egokia eskaini, administrazioko langileak trebatu… Herritarrei euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen jarraitu nahi dute. UEMAko teknikarien eskuetatik pasatu da plana, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onartu du. Plana aurrera eramateko baliabideak jartzeko konpromisoa hartu du udalak.
Ekitaldietarako diru laguntzak
2019an Oiartzunen egingo diren kultur ekintzak diruz laguntzeko oinarriak ere bai aho batez onartu zituzten. Elkarteek eta norbanakoek eska ditzakete, eta 43.350 euro banatuko dituzte. Urte berriarekin batera irekiko da deialdia.
Horrez gain, Oarsoaldea SAri laugarren hiruhilabetean ordaindu beharreko %80aren kopurua onartu zuten. 77.048 euro bideratuko dira enplegu, lurralde edota turismoa bezalako arloak sustatzeko.
Urgentziaz bozkatu zuten puntua izan zen aldundiarekin hitzarmen bat sinatzea. Zehazki, enkante bat egin behar da, eta udalak egin beharrean, aldundiari besterentzeko erabakia hartu zuten, hura ere aho batez, gainontzeko puntuak bezala.
Eskarietan, EAJko eledun Rafael Bergaretxek eskatu zuen udalaren jabetzakoak diren lokalen inbentario eguneratua —hala balego— pasatzeko. Jexux Leonet alkateak kontuan hartu zion eskaera.