Itsas ondarean oinarritutako jolasa prestatu dute Gabonetarako Itsas Kultur Faktorian.
Pista joko baten bidez haurrei itsas kultura gerturatzea da asmoa.
Iaz antolatu zuten lehenbizikoz eta izan zuen arrakasta ikusita aurtengo oporretan errepikatzea erabaki dute. Haurrentzako Altxorraren Bila jolasa antolatzen ari dira egunotan Itsas Kultur Faktorian, itsas ondarean oinarrituta. Familian egin daiteken pista jolasa bat da, eta sarrerarekin batera eskaintzen diete museora hurbiltzen diren adin txikikoei. Haur bakoitzari altxorra topatu ahal izateko mapa bat ematen diote, bisitaren ibilbidean zehar osatu beharko duen mapa.
Jolasaren protagonista nagusia Txo Mik Mak txikia da, eta hark emandako pistak jarraituz eta proposatuko dituen erronkak gaindituz haurrek mapetako mezuak deszifratzea lortu beharko dute.
Hilaren 5era bitartean izango da jolasa egiteko aukera, 10:00etatik 14:00etara edota 15:00etatik 18:00etara. Ez da aurretiko erreserbarik egin behar eta jolasa lau hizkuntzetan egongo da eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.