Hilaren 6ra arte apunta daitezke bikoteak. Emakumeen bi kategoria izango dira, eta gizonenak hiru. Partidak Madalensoron jokatuko dira aurten ere.
Iazko finalista eta irabazleen irudia.
Hogeita hamaseigarrenez antolatu du aurtengorako Girizia elkartearen pilota sailak bikotekako Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia. Bertan aritzeko izena emateko epea zabalik dagoela adierazi dute Oiartzungo elkarteko ordezkariek, urtarrilaren 6ra arte. Josetxo Gamio elkarteko kirolari izan zenaren omenezkoa da lehia, aurten hamabosgarrenez eramango duelarik haren izena.
Emakumeentzat bi maila (Gazte Maila eta Helduen Maila) eta gizonentzat hiru maila (lehena, bigarrena eta hirugarrena) izango ditu aurtengoak. Partiden egutegi zehatzaren berri aurrerago emango dute antolatzaileek, baina ziurra dena da norgehiagokak Madalensoro pilotalekuan jokatuko direla, larunbat goiz eta arratsaldetan, eta igande goizetan.
Txapelketan izena emateko bideak, honakoak:
- Posta elektronikoz: esteka honetan zapalduta azalduko den helbidera idatziz.
- Telefonoz: 656 711 275 telefono zenbakira deituz.