Agintaldiaren balantzea egin dute jeltzaleek.
Pasaiako EAJk agintaldiaren balantze positiboa egin du.
Duela lau urte herritarrei aurkeztutako programa ia osorik betetzea lortu dutela nabarmendu dute Pasaiako jeltzaleek agintaldiaren balantzea egiterakoan. Biziberritzearen esparruan lortutakoak goraipatu dituzte bereziki. “Hirigintza sailetik nire egitekorik nagusiena Plan Berezia sustatzea izan da eta bereziki Pasaiaren eta pasaitarren beharrak eta nahiak gainerako erakundeei helaraztea, Plan Bereziaren barruan garatzen joan garen proiektuetan lehentasun horiek jaso zitzaten”, adierazi du jeltzaleen alkategai Nahikari Oterminek.
Ildo beretik, erakundeen arteko elkarlana lortze bidean egin dituzten aurrera urratsak goraipatu dituzte: “Atzean utzi ditugu konfrontazio eta paralisi garaiak eta horrek proiektu berriak martxan jartzeko aukera eman digu, hala nola, Ondartxoko pasealekuaren berritzea edota Herrera eta Trintxerpe lotzeko oinezko eta pasabide berria”. Horiez gain, Adinberri proiektua Pasaiara ekartzea lortu dutela baietsi dute Pasaiako jeltzaleek,eta Hospitalilloan eta lonja inguruan egingo dituzten berritze lanak gogora ekarri.
Jeltzaleen arabera, beren lanari esker, Pasaia “euskaldunagoa” da gaur egun, eta “herri parte-hartzaileagoa”. Kudeaketan zorrotzak izan direla defendatu dute eta beren eraginkortasunari esker legealdia amaitzerako udalaren egoera ekonomikoa askoz ere hobea eta osasungarriagoa izango dela defendatu dute, 2.500.000 euro inguruko soberakina izango dela nabarmenduz.
EAJren jomuga nagusia herritarren ongizatea hobetzea dela nabarmendu dute, bidenabar, Pasaiako jeltzaleek, eta horregatik, gizarte ongizateko zerbitzuak hobetu dituztela nabarmendu dute, “berdintasunaren aldeko politikak sustatuz, eta gazteriari eta integrazioari lotutako ekimenak garatuz”.
Pozik, beraz, jeltzaleak agintaldian egindako lanarekin, nahiz eta aurrera begira Pasaiak “behin betiko bultzada” behar duela defendatu. Jeltzaleen alkategai Nahikari Oterminen ustez, “ezker abertzalea udalaren gidaritzan zegoeneko blokeo eta konfrontazio garaiak gainditu” dituzte arren, “sozialistak alkatetzan izanik Pasaiak ez duelako merezi eta behar duen bultzadarik izan”.
Zentzu horretan, “aldaketa garaia” dela defendatu dute, “proiektu eta ideia berriak garatu eta sustatzeko momentua”. 2019. urtea, “Pasaiak ezinbestean behar duen aldaketarako giltzarria” izango dela esanez bukatu dute balantzea.