Etxerat-ek antolatu duen bertso saioa igandeko (urtarrilak 6) 17:30ean hasiko da. Sarrerak eskuratzeko aukera badago oraindik.
Maila goreneko bertsolariak igoko dira Elorsoroko oholtzara.
Etzi, igandea, egingo du Etxerat-ek urteroko ohitura bilakatu den bertso saioa. Elorsoro kiroldegian da, 17:30ean hasita. Punta-puntako zortzi bertsolari igoko dira oholtzara: Andoni Egaña, Amets Arzallus, Eneko Lazkoz, Jon Martin, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Unai Iturriaga. Gai jartzaile lanetan Amaia Agirre ariko da.
HITZAk jakin duenez, oraindik badaude sarrerak. 12 euro balio dute —15 euro egunean bertan—, eta honako tokietan eros daitezke Oiartzunen: Amazkar, Kastro Berri eta Miren tabernetan eta txokolategian.
Oiartzundik kanpo, berriz, honako tokietan eskura daitezke: Landare eta Arkaitza tabernetan (Errenteria-Orereta); Lezoko Tiñelu elkartean; Irungo Hazia elkartean; Donotiako Platero eta Herria tabernetan zein Hontza liburu dendan; Lesakako Arranon; Hernaniko Garinen; Lasarteko Ilargi tabernan eta Tolosako Raku tabernan.
HITZAren zozketa
Bestalde,
OARSO BIDASOKO HITZAk saiorako bi sarrera zozkatu ditu: Tomas Agirre irundarra izan da zozketaren irabazlea. Beraz, Agirreri eta parte hartu duten hamarnaka harpidedunei, esker bereziak eta zorionak.