Bihar arratsaldean lau barrutietan irtengo dira desfilean.
Itsasoz iristen dira urtero Errege Magoak Trintxerpera.
Itsasoz iritsiko dira bihar Meltxor, Gaspar eta Baltasar Pasaiara, txalupan. Lehen geldialdia Trintxerpen egingo dute, han lehorreratzeko, Hospitalilloko ontziralekuan, 16:45ean. Alkateordetzara joango dira ondoren, bertan haurren eskutitzak jasotzeko 19:00ak bitartean, ordu laurden beranduago desfilean aterako direlako. Gudarien enparantzatik irtengo da Errege Magoen desfilea, Euskadi Etorbidea zeharkatu, eta Jaizkibel eta Azkuenerantz igotzeko, azkenik alkateordetzara bueltan etortzeko.
Erregeak Magoak direnez, Trintxerpen lanak bukatu bitartean Donibanen ere izango dira. 17:30ean abiatuko dira Meipitik, urtero bezala, desfilean plazara arteko bidea osatzeko, eta Antxora, berriz, 18:00etan iritsiko dira. Lore Txorta elkartetik irtengo dira Antxon, eta barrutiari bira eman ondoren kultur etxera joango dira, han barrutiko txikienen eskutitzak adi-adi biltzeko.
Beranduen San Pedrora iritsiko dira Errege Magoak. Gatzagatik irtengo dira Meltxor Gaspar eta Baltasar, arrantzaleen auzoa eta Zamatete bisitatu ondoren herriko alde zaharrerantz jaisteko.