[Bideoa eta Galeria] Ez dute amore emango

Duintasunak berriro hartu ditu kaleak gaur; pentsio sistema publiko solidarioa, bidezkoa, eta belaunaldiartekoa galdegin dute ehunka pentsiodunek.

Duintasunak ehunka erretiratu bildu ditu gaur ere manifestaziora.

Ez dute amore emango. Murrizketa berriek, eta hotzak ez ditu kikildu, eta hileko lehen astelehenero egiten duten moduan gaur ere, kalera atera dira jubilatu eta pentsiodunak. Agintean daudenen kontrako alegatua egin dute gaurkoan bildutakoek. Izan ere, Euskal Herrian berogailua piztu ezin duten 150.000 pertsona daude, hilabete bukaerara iristen ez direnak: “Desnutrizioa, etxe kaleratzeak, miseriazko pentsioak, haur pobrezia… Guzti horiek biolentzia dira, eta ez kasualak gainera, boterea dutenek hartutakoak baizik, banketxe, industria farmazeutikoa, multinazional eta pentsio funts pribatuen erabakiak, euren zerbitzura baitaude egun gobernatzen gaituzten politikari asko”. Eusko Jaurlaritzari bizkarra ematea leporatu dio Duintasunak, erretiratuen eskaerei jaramon egin beharrean, iskin egitea egotzi dio eta berea duen Diru Sarrerak Bermatzeko Legea ez betetzea, “beste behin ere, pentsiodunak pobreziatik ateratzea aldarrikatzen dugu, baita jasangarritasun zein balio faktoreak indargabetzea ere”. Urte berriarekin egoera larriagotu dela ere esan du Duintasunak. Erretiroa hartu behar dutenek, 65 urte eta zortzi hilabetera arte itxaron beharko dute, eta gainera,  azken soldataren %70—orain arte %80koa zen— diru saria jasoko dute aurten jubilatzen direnek alderdi sozialistak 2011n egindako pentsioen erreformaren harira. Azken urteetako murrizketek desberdintasunak nabarmen areagotu dituztela erantsita, sistema neoliberala egin du horren arduradun, eta argi esan, ez daudela horiek onartzeko prest. Irtenbidea: pentsio sistema publikoa, “solidarioa, bidezkoa eta belaunaldiartekoa. Ez da zilegi zergen dirua krisia sufritzen dutenen egoera arintzera ez bideratzea, eta krisia eragin zutenei musu truk ematea”. Gizarte justuago baten alde egin du azkenik, Duintasunak, eta hori lortzeko ezinbestekotzat jo du botere politikoa erabiltzea kapitalismo finantzarioaren botere ekonomikoa gerarazteko eta mugak jartzeko, “eta horretarako badakigu zer egin: pobretzen gaituztenei botorik ez eman”.  
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.