'Urperatuak', memorian, bederen, nabiga dezaten

1900 eta 1975 urteen artean hondoratu zituzten ontzien gaineko Ana Benito Aranzadiko kidea, eta Javier Mazpule Arkeolur elkarteko kidearen erakusketak hartuko du Xenpelar Etxea.

Mina Mary merkantzi ontziaren irudi bat.

Hondotik atera eta berriz ere nabiga dezaten, memorian bada ere. Hori da Ana Benito Aranzadi Zientzia Elkarteko kidearen, eta Javier Mazpule Arkeolur elkarteko kidearen Urperatuak erakusketaren helburua, eta  urperatutako tripulazio eta salbamendurako baliabide guztiak omentzea. Biak dira itsas gaietan adituak, naufragioetan, bereziki, eta urteak daramate gai hori lantzen, Getariako Badiako Iturritxiki urpeko aztarnategian egindako jarduketa arkeologikoetatik hasi eta Naufragios en la Costa Vasca: 1976-2016 liburua argitaratu arte. Azken liburu horretan bildutako hainbat informaziok hainbat erakusketa antolatzeko aukera eman die Benito eta Mazpuleri.  1900 eta 1975 urteen artean gertatutako itsas istripuak ikertzen ari dira gaur egun, eta horrekin antolatu dute zehazki Xenpelar Etxeak hartuko duen erakusketa. Irudikatutako panelak ditu erakusketak, naufragio bakoitzaren kokatze mapak, eta ezbeharretatik berreskuratutako objektuak zein itsas bizimoduari lotutako beste elementu batzuk bitrinetan erakutsiko ditu. Besteak beste, gerra garaian Kantauri itsasoan izandako gertaeren berri ematen duten naufragioak presente daude bi ikerlariek atondu duten erakusketan. Horrela, 1918an Alemaniako itsaspeko batek torpedoz eraso eta hondoratu zuen Lyndiane merkataritza-ontzi frantsesa; Espainiako Gerra hasieran 1936an Pasaiako Portua erabili ezin uzteko asmoz tropa matxinatuak iristear zirela bokalean gurutzatu zuten Jata Mendi merkataritza ontzia; 1937an Matxitxako batailan Canarias gurutzaontziak borroka latz eta desorekatu batean hondoratu zuen Euskadiko Itsas Gudarosteko Nabarra bou motako itsasontzi ospetsuaren gainekoak bilduta daude erakusketan. Gerrarekin lotutakoak baina ez dira bakarrak erakusketan eta  1907an Biarritzeko hondartzaraino herrestan eramandako Padosa belaontzi suediarra, 1930ean Biarritzeko itsasargiaren ondoan enbata batek txikitu zuen Knebworth baporezko ikatz ontziak, eta ekaitzaren erasoarekin Kontxako hondartzan hondarturik amaitu zuten Mamelena baporezko arrantza ontzia eta Ricardo belaontzi asturiarrak ere badute leku erakusketan. Arrantza ontziek izandako zoritxarreko ezbeharren gaineko informazioa ere bildu dute. Getariako Lurdesko Ama eta Jose Ignaciorena, Orioko Amesti Mendi ontzien gilak eguzkitan gelditu eta  eta arrantzale bana galdu zituzten 1949an; Orioko barran irauli eta tripulazioaren zati bat itota galdu zuen Orioko Virgen Carmeli ontziak, itsas zabalean hondoratu zen Bermeoko portuko Edison ontzia, edota 1944an Pasai Donibaneko Santa Isabel gazteluaren alboan talka egin zuen Petracho ontzia ere erakusketa horretan da. XX. mendeko bi enbata handiak ere jaso dituzte erakusketan: 1912koa, nagusiki Bermeo txikitu zuena, eta 1961ekoa, Getariako Izarra eta Donostiako Mirentxu arrantza ontziak urperatu zituena. Mina Mary merkantzia ontziari leku berezia eman diote. Izan ere, azken horren irudia erabili dute bi ikerlariek erakusketaren txartela ilustratzeko. Hondartu ondoren, Matxitxako lurmuturraren alboan hondoratu zen. 35 metrora urperatuta dagoen ontzi hondakina, urpekari ugarik bisitatzen du. Ostiralean zabalduko dute erakusketa Xenpelar Etxean, eta otsailaren 2ra arte izango da hura bisitatzeko aukera astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.