Solasaldia antolatu dute hilaren 17rako; Amonarrizekin solasaldia egiteaz gain, Euskaraldian grabatutako flashmoba aurkeztuko dute
Amonarriz Oiartzunen izango da hilaren 17an [Argazkia: eitb.eus].
Duela hilabete pasatxo bukatu zen Euskaraldiaren lehenengo ekitaldia. Gabonetako oporren ondorengoa momentu ona da atzera pixka bat egiteko, eta Euskaraldiko esperientziaren balorazioa egiteko.
Horretarako, Kike Amonarriz soziolinguista gonbidatu du Oiartzungo Euskaraldiko lantaldeak, Euskaraldian bizitutakoaz eta ondorenari buruz hitz egiteko. Saioa udaletxeko areto nagusian izango da, 18:00etan hasita.
Flashmoba
Amonarrizen solasaldiaren ondoren, mokadutxoa jateko aukera egongo dela jakinarazi dute. Gainera, estreinaldi bat ikusteko aukera izango dute: abenduaren 3an, Euskaraldiaren —ofizialki— azken egunean grabatutako flashmoba. Abaraxka ludotekara hurbiltzen diren haurrek ere bai egun berean ikusteko aukera izango dute.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, 1.759 oiartzuarrek hartu zuten parte Euskaraldian. Horiei deia luzatu diete datorren osteguneko saiora ager daitezen.