Indigenen Kontseilu Nazionaleko babes-taldeko kide Sinaí Riverak hitzaldia emango du datorren asteartean, Haziak eta Azmarrin-ek gonbidatuta
Sinai Rivera UNISURetik pasatu da.
Datorren astearterako, hilak 15, hezkuntza ardatz izango duen hitzaldia antolatu dute Oiartzun Azmarrin eta Haziak proiektuak. Indigenen Kontseilu Nazionaleko babes-taldeko kidea den Sinai Rivera emakume mexikarra ariko da hizlari lanetan.
Riverak UNISURen (Hegoaldeko Herrien Unibertsitatean) hartu zuen parte, eta hezkuntza alternatiboan eskarmentua du. Idatzita utzi duenez, eguneroko harremanetan ekintza politikoak daude. Hortik abiatuta, hainbat gai jorratu nahi dituzte: ehundura sozialen sorkuntza, elkar-zaintza, autonomia, konfiantza, komunitatea, heziketa alternatiboa…
Antolatzaileen helburua ez da ohiko hitzaldi bat egitea, baizik eta elkarreragina sortzea, eta entzuleek eurek parte hartzea. Horregatik, herri hezkuntzan —edo alternatiboan— interesa duten oro gonbidatu dute solasaldian parte hartzera. Udaletxeko pleno aretoan izango da, 18:30ean hasita.