Xabier Zapirain sukaldaria hil da
Gurutze Berri jatetxea martxan jarri zuen 1969an, Luis Irizarrekin batera; gaur arratsaldean egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna.
Xabier Zapirain zena, semearekin. Xabier Zapirain sukaldari oiartzuarra larunbatean hil zen, 83 urterekin. Euskal Sukaldaritza Berria deitzen zaion mugimenduaren parte izan zen, baina fokuak alde batera utzi zituen eta sukaldaritza tradizionalago baten aldeko apustua egin zuen. Gurutze Berri jatetxea hartu zuen 1969an, Luis Irizarrekin batera. Ondorengo urteetan bera izan zen jatetxeko arduradun bakarra.
17 urterekin hasi zen sukaldean formatzen, eta Ingalaterran jarraitu zuen horretan. Sei urte eman zituen han lanean. Euskal Herrira bueltatu zen, Bilbora, Muñatones jatetxera. Donostian Oiartzun jatetxea kudeatu zuen eta ondoren etorri zitzaion Gurutze Berri hartzeko aukera. Ehizan lortutakoarekin kozinatzen ziren platerek eman zioten fama, baina ez horrek bakarrik.
Erretiroa hartu zuenean, bere seme Xabier eta Gorkak jarraitu zuten aitaren bidea, lehenak sukaldean eta bigarrenak jangelan.
2017ko martxoaren 26an omendu zuten berekin lanean aritutakoek, mahai baten bueltan. Azken agurra, berriz, gaur arratsaldean izango da, Done Eztebe elizan, 18:00etan.
