'3 urrats Oiartzun feministarantz' prozesua antolatu du Sortuk
Hiru formazio saio egingo dituzte, otsailaren 16an hasita. Lehenengo saioa mistoa izango da, eta beste biak generotan banatuta. Aldez aurretik eman behar da izena.
Oiartzun feminista sortu nahi dute. Oiartzungo Sortuk hiru saioko prozesu feminista antolatu du, 3 urrats Oiartzun feministarantz izenarekin. Lehenengo saioa otsailaren 16an izango da.
Sortuk feminismoa erdigunean jarri du. “Gaurdanik ari gara etorkizuneko Euskal Errepublika irudikatzen”, esan du Oiartzungo Sortuk. “Eta ulertzen dugu jendarte justu, libre eta zoriontsuan bizi nahi badugu, Euskal Errepublikak feminista izan behar duela ezinbestean”.
Hori helburu bezala egingo dituzte hiru saioak. Larunbatetan izango dira saioak, 09:00etatik 13:00etara. Hau izango da egitaraua:
- Otsailak 16: Mistoa izango da eta otsailaren 16an egingo da Feminismoaren oinarriak izenpean, udaletxeko pleno aretoan.
- Martxoak 30: Emakumeek Haurtzaro Ikastolan, Ahalduntze bidean 1 tailerra jasoko dute. Gizonek, aldiz, Elizalde Herri Eskolan Pribilegioak deseraikitzen 1.
- Apirilak 6: Emakumeak Haurtzaro Ikastolan elkartuko dira, aurreko saioarekin jarraitzeko. Gizonek, berriz, Elizalde Herri Eskolan jarraituko pribilegioen deseraikitzearekin.
Prozesua sakona eta aberasgarria izango dela uste du Oiartzungo Sortuk, eta udalerri feminista baterako mugarri izango dela. “Horregatik”, esan dute, “oiartzuar orori dei egiten diegu amesten dugun herria eraikitzen hasteko”.
Izena eman nahi duten oiartzuarrek Kastro Berri tabernatik pasatu beharko dute. Bestela, Internet bidez ere egin daiteke, bi modutan. Alde batetik, posta elektronikoa erabiliz. Bestetik, esteka honetako galdetegia betetzen. Izena emateko azkeneko eguna otsailaren 8a izango da.
