"Azkarrago eta eraginkorrago" erantzuteko neurriak hartu dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak
Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren arduradunek emaitza positiboak ikusten hastea espero dutela esan dute Julen Mendozarekin batera gaur eguerdian egindako agerraldian
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanerako hainbat neurri hartu dituzte Errenteriako Udalak eta Segurtasun Sailak sinatutako elkarlanerako hitzarmenaren barruan. Helburua “azkarrago, eta eraginkorrago erantzutea” dela azaldu dute. Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren arduradunek emaitza positiboak ikusten hastea espero dutela esan dute Julen Mendozarekin batera gaur eguerdian egindako agerraldian: “Azken aldian herritarrak gehien kezkatu dituzten segurtasun arazoei dagokienean, hartutako neurriekin, Ertzaintzarekin lankidetzari, eta Udaltzaingoaren plantillaren handitzeari esker, emaitzak ikusten hastea espero dugu”.
Beste datu bat ere eman du udalak: Errenteria da biztanleko udaltzainen ratiorik handienetakoa duen herria.
Udala, Udaltzaingoa eta Ertzaintza beti aritu izan direla elkarlanean eta lankidetzan, baina azken hilabeteetan harreman eta lan hori areagotu dela azaldu dute, “udalerriko bi puntutan antzemandako arazoei erantzun egokiagoa eman eta lankidetza tresnak ugaritu ahal izateko”. Horren harira, duela hilabete batzuk abian jarritako Ekintza Plana aipatu dute, “horrek ere ahalbidetu du bi polizien arteko lankidetza handiagoa eta operatiboa hobetzea”.
Arau hauste penalez ere mintzatu dira eta datuak eman. Ertzaintzaren datuen arabera, %4,63 jaitsi ziren 2017an; 1.000 biztanleko delitu tasa ere, bi puntu jaitsi zen. Gainera, 2017a izan zen salaketa judizial gutxien izan ziren urtea 2005az geroztik.
Gaur hartutako elkarlanerako neurriekin baliabideak optimizatuko direla, eta bi kidegoen arteko trukea eta fluxua areagotuko dela esan du azkenik, udalak, “koordinazioa handituko denz, erantzuna, azkar, arin eta eraginkorragoa izango da”.