Organoak eta txistuak bat egingo dute igandeko kontzertuan
Ignacio Arakistain organistak eta Peio Irigoien txistulariak kontzertua emango dute datorren igandean, parrokian. Organozaleek aurtengo egitaraua handitu dute.
Datorren iganderako, hilak 27, Oiartzungo Organozaleen Elkarteak kontzertua antolatu du. Done Eztebe parrokiako Cavaille-Coll organoa jotzen ariko da Ignacio Arakistain azpeitiarra (hogei urte besterik ez ditu), eta txistulari lanetan, berriz, Peio Irigoien irundarra ariko da.
Kontzertua 18:00etan hasiko da, baina ohi bezala, kontzertuaren aurkezpena egingo dute hiru ordu laurden lehenago hasita. Helburua da geroago kontzertua ez moztu eta etenaldietan azalpenak ematea.
Oiartzungo Organozaleen Elkarteak aurten jauzi kualitatiboa emango du, ekitaldiei dagokienez. Azkue Memorialak jarraituko du ekitaldi izarra izaten, urria inguruan, baina urtean zehar beste bizpahiru kontzertu emango dituzte. Datorren igandekoa izango da lehena.
2020ko memoriala, prest
Aurrera begira lanean ari dira elkartekoak. Datorren urtekoa jada itxita dute. Thomas Ospital (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1990) mundu mailan ospea duen organista hurbilduko da Oiartzunera. Pariseko Saint-Eustache elizako organo-jolea da, Frantziako handiena. Datorren urteko ekitaldi horretan bertsolaritzarekin uztartuko dute organoa. Ospitalekin kontzertua lotzeko itxaronzerrenda hiru urtekoa da, baina aihertarrak interesa du ekitaldian eta txoko bat egin die.
Ordurako denbora dezente falta da oraindik. Organozaleen helburua da, besteak beste, organoak musika instrumentu bezala sustatzea, eta ez (bakarrik) liturgiaren parte izatea.