'El Rey' eta Willy Toledo, OzZinemaren eskutik
OzZinemak hitzordu berri bat finkatu du zinema ezberdina gustuko dutenentzat. Ezberdina, ausarta eta bakarra da datorren astean emango duen filma ere, El Rey. Aste honetan Fermin Muguruzaren Black is beltza filma eman du eta erantzuna ezin hobea izan dela zehaztu dute antolatzaileek, “sarrera guztiak agortu ziren”.
Datorren asteko emanaldiarekin antzeko egoera ematea aurreikusi dute, Gipuzkoako areto batean lehenengoz ikusi ahalko delako El Rey filma, eta gainera aurkezpen solasaldia filmeko aktorea den Willy Toledo berak egingo duelako. Antzerki lan bat du oinarrian Teatro del Barrio Kooperatibak ekoiztu duen filmak. Espainiako Estatuko historia garaikideko pertsonaia eta gertakari errealak oinarri hartuta Alberto San Jaunek antzezlana idatzi zuen, historia, politika, monarkia eta trantsizioa aztertuz. 200 emanaldi baino gehiago eginda, urrats bat aurrera egin eta filma bihurtu zuten.
Alberto San Juanek zuzendu du filma Valentin Alvarez argazkilaritza zuzendariarekin batera, eta San Juan bera, Luis Bermejo eta Guillermo Toledo dira aktoreak. Hilaren 29an (asteartea) izango da emanaldia 19:30ean Niessen zinematan. Sarrerak, beti bezala, 4 euroan dira salgai.