Ramuntxo Sagarzazuren kontrako auzia artxibatu dute
Sagarzazu 2015eko irailean atxilotu zuten Baigorrin, ETAko zuzendaritzako bi kiderekin bilduta zegoenean. Epailearen arabera, ez da delitua bake prozesuaz hitz egitea.
Ramuntxo Sagarzazu. Ramuntxo Sagarzazu oiartzuarraren kontrako auzia artxibatu egin du Frantziako Justiziak, bake prozesuaren testuinguruan oinarrituta. Parisko instrukzio epaile batek artxibatu egin du Kazeta-k eta Mediabask-ek argitaratu dutenez.
Sagarzazu eta Pantxoa Flores 2015eko irailean atzeman zituen Frantziako Poliziak, Baigorrin (Nafarroa Beherea), David Plarekin eta Iratxe Sorzabalekin batera, ETAren kontrako operazio batean. Lehen aldia da kargugabetze bat arrazoitzeko epaile eta prokuradore bat bake prozesuaren bueltan oinarritzen direna. Epaileak eta fiskalak diote ETAko kideekin “bake prozesuaz eztabaidatzea” ez dela delitua.
ETAk jarduera armatua utzi eta ia lau urtera izan zen operazio hura, Floresen etxean —Agorerreka aterpetxean—. Armagabetze prozesuan murgildua zegoen ETA. Erakundeko zuzendaritzako kidetzat jo zituzten Pla eta Sorzabal. Harrezkero preso daude biok, eta haien kontrako auzibidea aurrera doa; otsailaren 4an eta 5ean epaituko dituzte, Parisko zigor auzitegian. Flores eta Sagarzazu aske utzi zituzten, baldintzapean. Sagarzazuk Poliziari adierazi zion ETAko kideekin bake prozesuaz hitz egiteko zegoela etxe hartan. Xantiana Cachenaut Floresen abokatuak esan du bere bezeroak ez zekiela Pla eta Sorzabal etakideak zirenik.
Sorturen zorion mezua
Oiartzungo Sortuk mezua kaleratu du absoluzio horren harira. “ETA erakunde armatua Euskal Herrian irekitzen ari zen ziklo berria indartuko zuten hausnarketa eta hurrengo urratsak Euskal Herriko eragile sozial eta politiko ezberdinekin konpartitzen ari zen”. Jarraitu dutenez, bilera horien harira, ETAk “herriaren eskuetan armak utzi zituen” 2017ko apirilaren 8an, eta iazko maiatzaren 3an utzi zituen armak.
Bide batez, Sagarzazu eta bere familia guztia zoriondu ditu Sortuk, eta besarkada bidali nahi die. “Gozatu egoera berri honekin, ongi merezia duzue eta!”.
