Udala kontent Gabonetako haur jaiak izan duen harrerarekin
Antolatu dituzten tailer eta jolasek parte hartze oso handia izan dutela nabarmendu dute balorazioan.
Pasaiako Udalak Gabonetako haur jaia antolatzen du urtero eguberrietako oporraldian. Azkena, 26. jaialdia, abenduaren 26tik 28ra izan zen, eta haur, nerabe zein gurasoen artean izan duen harrera ona nabarmentzeko balorazioa egin du udalak.
Herriko aisialdi talde eta elkarteekin elkarlanean antolatzen dute jaialdia, barruti guztietan. Kantauri Ludiko Elkartea ludoteken bitartez, eta Boveda eta Ekaitza gazte elkarteak, guztiak elkarlanean tailerrak, jolasak eta bestelako jarduerak koordinatzeko.
Eskaintzak izan duen parte-hartze handia nabarmendu dute guztiek, zehaztasunak eskainiz: “Harrera berezia izan dute antolatu diren tailer eta jolasek: oso parte-hartze handia izan dute. Era berean, puzgarriek eta mago eta pailazoen saioek Trintxerpen. Jarduera horiek izan dira familiek gehien nabarmendu dituztenetakoak”.
Izaskun Gomez alkateak, ildo beretik, aisialdi taldeek eta udal ludotekek egiten duten lan handia txalotu du. “Guztiak dabiltza haur eta gazte animazioan eta Gazteria Sailarekin batera gogor lan egiten dute Gabonetako Haur Jaia arrakastatsua izan dadin, bai programazioari dagokionez, eta baita parte hartzeari dagokionez ere”.
Garrantzitsua deritzo alkateak esparru horretan egiten ari diren lanari, esan duenez, “haur eta gazteei zuzendutako programazioak pasaitarren arteko bizikidetza sustatzen” duelako eta k”ulturara egindako lehen hurbilpena” delako.