"Zentzugabea da aurretik dugun panorama"
Itsas Salbamendu Humanitario elkarteko presidentea da Iñigo Gutierrez; ‘Aita Mari’ ontziari itsasoratzeko baimena ukatu izana erabaki politikoa izan dela argi du; mobilizazio kanpaina iragarri du.
Oraingoz Pasaian, baina denbora gutxirako, ezta?
Gure asmoa da, ahal bada ostiralean [gaur] itsasoratzea. Ontziak Pasaian egin beharrekoak egin ditu jada eta denbora irabazi nahi dugu, edozein arrazoirengatik gobernuak jarrera aldatuko balu gure lan eremutik ahalik eta gertuen egoteko. Kataluniarantz goaz, ziurrenik Balear Uharteetara. Gure aurreikuspena da Bilbora joatea eta han pare bat egun ematea, ondoren zuzenean Mediterraneorantz abiatzeko.
Itsasoratzeko debekuaz zein interpretazio egiten duzue?
Erabakia erabat politikoa da. Arrazoi teknikoak argudiatu dituzten arren, guk ez ditugu sinisten. Erabili duten argudioarekin Espainiako salbamendu ontzi guztiak erabileratik kanpo leudeke. Aita Mari baino ontzi txikiagoak 80-150 pertsona ingurua jasotzen ari dira, eta irizpide honen arabera ontzi horiek guztiak ordenamendutik kanpo geratuko lirateke. Paradoxa da soilik bidaiari ontziek dutela erreskateak egiteko aukera. Irizpidea erabat maltzurra da.
Gainera, gure ustez honek guztiak tresnak ematen dizkio eskuin muturrari boterera iristen denean argudio honi heldu eta dena bertan behera utzi ahal izateko. Debeku guztiz zitala da.
Paradoxikoa dirudi Aquarius-i babesa eman zion gobernu berak orain itsas salbamendurako ontzi guztiak gelditzea.
Gogoan dut Aquarius ontzia hartzea erabaki zutenean harro sentitu nintzela nire bizitzan lehen aldiz gobernu batekin; orain, aldiz, lotsatuta eta suminduta nago, ez dagoelako egiten ari diren hau justifikatzerik.
Gainera, guri izaera prebentiboarekin ezarri digute debekua. Open Arms ontziari esan diote aurrez aritu direlako geldirik dituztela eta guri, berriz, egin asmo dugunarengatik.
Argudio oso antzekoekin geratu zaituztete biei?
Argudiaketa teknikoa berbera da. Ontziek jende asko luzaroan eramateko gaitasunik ez dutela.
Helegitea aurkeztuko duzue. Baikor zaudete?
Ez, ez gara bat ere baikorrak. Administrazioak hiru hilabete ditu helegite honi erantzuteko, eta litekeena da, denbora tarte horretan ezer ez esatea, aurretik egin zuten antzera, egun gutxiren epean eman ohi den baimen bat kasik hiru hilabetez luzarazi zutenean. Kasu honetan antzera jokatuko dutela uste dugu. Presio politikoa da gure itxaropena.
Erreakzio batzuk izan dira.
Atzo [astelehenean] Nafarroako parlamentuak adierazpen bat egin zuen gertakari hauek salatzeko. Badakigu Aragoiko Gorteetan antzeko idatzi bat aurkeztuko dutela; Eusko Jaurlaritzak idatzi oso argi bat plazaratu du ontziari babesa emanez; atzo [astelehenagatik] EH Bilduk Sustapen ministroaren agerraldia eskatu zuen Madrilen eta EAJ gauza bera egitekoa zen; En Comú-ren diputatu batek bideo bat plazaratu du Pedro Sanchezi esanez ez diola gehiago botoa emango itsasoan jendea hiltzen ari delako… Gure itxaropena da irtenbidea hortik iritsiko dela.
Guk ere sinadura bilketa bat jarriko dugu martxan, eta Open Arms-ekin batera baloratzen ari gara hainbat mobilizazio egitea, gobernuari erakusteko ez gaudela bakarrik, eta ausarta izan dadin eskatzeko.
Zergatik diozu ausardiarena?
Andaluziako hauteskundeetan gertatu denak eragin handia du. Migrazioaren gaia jaurtitzeko arma gisa darabilte eskuindar populismo guztiek. Kanpotik datorrenari denaren errudun egiten zaio. Laguntzak lapurtzera heldu dira, lana lapurtzera… Zoritxarrez, diskurtso hau azkarregi hedatzen ari da gizartean, eta gobernua, ausardiaz jokatu beharrean, nahiko koldar jokatzen ari da.
Zuek portuan lotuta eta bitartean jendea itotzen.
Baimena ukatu ziguten egun berean 120 pertsona ito ziren, eta 63 pertsona zeramatzan ontzi bat Lampedusaraino iritsi zen. Gure galdera da: bat iritsi da, baina zenbat geratu dira bidean? Zentzugabea da aurretik dugun panorama.
Iaz 2.262 hilotz jaso zituzten Mediterraneoan.
Berreskuratzen den hilotz bakoitzeko, gutxienez, beste bi desagertuta daude. Hau da, zifra ofizialak beti bider hiru kalkulatu behar dira, gutxienez.
Isiltasun mediatikoa dagoela uste duzu?
Orain putzuan erorita dagoen mutikoaren kasua dugu, eta niri oso ondo iruditzen zait egiten ari diren guztia, baina paradoxikoa da haur batengatik halakoak egitea, eta era berean, bere antzerako beste haur asko Mediterraneoan itotzea eta isilik geratzea. Albisteak gure kontroletik kanpo dauden interesen mesedetan sortzen dira.