Erregearen mamua(k)
'El rey' filmaren estreinaldia Errenteria-Oreretan egin dute. Juan Carlos Borboikoaren bizitzari errepasoa ematen dio, ikuspuntu kritikoarekin.
Juan Carlos Borboikoari batere gustatuko ez zaion filmaren Gipuzkoako estreinaldia egin zuten atzo arratsaldean, Errenteria-Oreretako Niessen zinema aretoetan. Ozzinema zineklubak antolatu zuen pasea.
El rey filmak 6.00o ikusle izan ditu asteburura arte. Atzo puska bat gehiago gehitu behar izan zioten, Niessengo areto handiena lepo bete baitzuten. Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago, kultura ekitaldia ikustera joan zirenen ilarak merkatalgunea hartua zuen. Kulturak 1, kontsumismoak 0… atzo behintzat.
Fermin Muguruzak egin zituen aurkezpen lanak. Pasa den astean areto bera bisitatu zuen, Black is Beltza-rekin. “Orereta kapital kulturala da”, eskertu zuen irundarrak. “Harro egoteko modukoa da hemen egitea Gipuzkoako estreinaldia, baina baita kezkatzeko modukoa, oraindik beste inon eman ez delako”. Filmeko protagonistetako bati —Guillermo Toledori— hitza eman aurretik, eskerrak eman zizkion garai latzenetan Madrilen emandako babesagatik.
Antzerkian oinarri
Txalo zaparrada bero batekin jaso zuten Toledo, Willy lagunentzat. “Bertin Osborne bezala sentitzen naiz”, eskertu zuen. Bere amona markinarra zela esan zuen, eta horregatik (ere bai), beti dagoela gustura Euskal Herrian. “Beno, pixka bat fatxa zen, baina euskalduna azken finean”. Pasaian bizi den Fede lehengusuarekin ere gogoratu zen.
Filma Alberto San Juanek idatzitako antzezlanaren moldaketa da, San Juanek berak zuzendutakoa, Valentin Bermejorekin batera. Juan Carlos Borboikoa da pertsonaia nagusia; “bera izan da zapaltzen gaituen erregimenaren zutabe nagusi eta ikonikoa”, esan zuen Toledok.
Filmari igartzen zaio jatorria, antzezlan kutsua baitu, eta errege orain emerituaren mamuak agertzen dira: bere aita Juanen koroa gosea, hainbat herrialdeetan hara-hona ibili izana eta abar. Hasierakoa da Borboikoaren alde humanoena agertzen duena. “Albertok [San Juanek] hala erakutsi nahi zuen, nik ez. Hori alde batetik. Bestetik, zer egingo genukeen guk Erroman jaio izan bagina, Suitzako barnetegi ultrakatoliko batean heziko bagintuzte; hamabost urterekin El Pardora bidali…?”, galdetu zuen Toledok filmaren ondorengo solasaldian.
Juan Carlosi bera astintzen duten mamuak garatuko dira filmean zehar. Borboikoa bilakatzen da espektro, eta Trantsizioa deitutakoa eta ondorengo erabaki garrantzitsuetan mamu bat ibiliko balitz bezala nabaritzen da: (ia) ez zaio ikusten, baina badakizu hor dagoela. Berarekin batera agertzen diren pertsonaien zerrenda luzea da: Franco, Carrero Blanco, Henry Kissinger, Adolfo Suarez, Felipe Gonzalez, Rodolfo Martin Villa, Antonio Tejero… Pertsonaia talde polita beldurrezko film bat egiteko.
Filmak erritmo ona du, eta ongi azalduta dago momentu historikoetan ez galtzeko.
“Ez dut nire burua zentsuratuko”
Filmak bezain beste ikusmin —ez litzake atrebentzia gehiago hitza erabiltzea— piztu zuen ondorengo solasaldiak. Toledok agur bero bat eskaini zien entzuten ari ziren segurtasun indarretako kideei —bere groupie leialenak omen dira—. Azaldu zuenez, filmaren bukaeran fikzioa dela zehazten duen kartela ekoiztetxearen zerbitzu juridikoen ideia izan zen, “badaezpada”. Pentsatzen zuten filma Interneten igo beharko zutela, baina El Sur ekoiztetxeari esker —”kataluniarrak dira, nongoak bestela?”— mugitzen ari direla.
Publikoan, hitza hartu zuen lehenengo ikusleak, Toledorekin elkartasunez, “me cago en dios” bat bota zuen, eta filmak agerian uzten duela 1978an dena lotuta utzi zutela. Hori bai, emakumeen falta sumatu zuela El Rey-n. Toledok erantzun zion gaur egun ere gutxi direla boterean dauden emakumeak. “Eta daudenak edo egon direnak portatu dira hanka artean zakil bat izango balute bezala; begira Margaret Thatcher”. Eta Trantsizioa deitutakoa gizonena izan zela azaldu zuen: “Gizon txuri, heterosexual eta faxistena”.
Informazio iturriak
Informazioa non lortu duten galdetu zion beste ikusle batek, eta Toledok hainbat izen eman zizkion: Soberanos e intervenidos (Joan E. Garces), La sombra de Franco en la Transición eta La CIA en España (biak Alfredo Grimaldosenak). Komunikabideetan argitaratutakoarekin ere osatu zuten antzezlana eta ondorengo filma. “Hau dena publikatuta dago, baina oso atomizatua eta zaila da dena batzea. Urtebeteko dokumentazio lana egon da”.
Beste ikusle batek galdetu zion ea jipoirik jasotzeko beldurrik baduen. “Hamar nazirekin topo egiten badut… ikusi nauzue! Hala ere, beldur handiagoa ematen dit estatuak. Espainia nolakoa den ezagutzen duen ezkerreko militante orok izan beharko lioke panikoa estatuari. Betoa jarrita didate, eta hainbat mekanismo dituzte zu hondoratzeko: lanik ez ematea, ezezagunek jipoitzea, edo polizia kontrol batean farlopa kilo erdi bat zure autoan sartzea”. Eta irmo mantendu zen bere sinismenetan: “Ez diet nire burua zentsuratzeko gustua emango”.
Maitasun gutxiko hitzak izan zituen Juan Carlosentzat (“estatu kolpe bat eman zuten berari zilegitasuna emateko”), bere seme Feliperentzat (“aita bizizaleagoa zen; semea ultraeskuindar arriskutsua dela iruditzen zait”) edota Felipe Gonzalezentzat (“gehien mespretxatzen dudan politikaria da; dena onartuko zuen txotxongilo bat behar zuten”).
Beste txalo zaparrada batekin agurtu zuten aktore madrildarra, etxean balego bezala sentiarazteko. Filma ikusita, eta ondorengo solasaldia entzunda, ez da zaila irudikatzea zergatik izan dituen 6.000 ikusle bakarrik. Atzokoekin, 6.300.