Oiartzungo basoak ez fumigatzearen alde egin du udalak
Eusko Jaurlaritzaren planaren arabera, pinuen izurritearekin bukatzeko basoak fumigatuko dituzte. EH Bilduren botoekin, ez dute baimenik emango, Naturkonen mozioa babestuta.
Urteko lehen plenoa egin zuten atzo arratsaldean. Hamazazpi puntu zituen gai-zerrendak, eta plenoari denbora gehien jan zion gaia Naturkonek aurkeztutako mozioa izan zen. Gipuzkoako talde ekologista eta kontserbazionista guztiak elkartzen dira talde horretan.
Azken urteetan sortu den pinuaren izurritearen kontra, basoak fumigatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Naturkonen mozioak —EH Bilduk eramandakoa— fumigazio horiek eman ez daitezen eskatzen zuen. Oiartzungo azaleraren erdia baino gehiago basoa da, eta horietatik %83, jabetza publikokoak. Oiartzungo basoaren %10 bakarrik da pinua.
Onddoen infekzioa labore eredu intentsiboak sortu duela salatu zuten mozioan. “Eusko Jaurlaritzak koniferen basoak berreskuratu eta sendotu nahi ditu, sor ditzakeen albo-kalteak kontuan hartu gabe”, gaitzesten zuten. Fumigatzeko erabiliko luketen kobre oxidoak edozein onddo edo ziza hilko lukeela ohartarazi zuten, eta edateko uretara iritsiko litzakeela. Horregatik, ez fumigatzeko berretsi zuten.
“Baso eredu egokia”
Eneritz Arbelaitz alkateorde eta Ingurumen Saileko arduradunak hartu zuen hitza, udal gobernuaren izenean. Basoek bere funtzioa betetzen dutela lurzorua babesteko, atmosfera zaintzeko eta edateko uraren kalitatea kalibratzeko. Horretarako, baso politika zehatzak aurrera eraman behar direla esan zuen Arbelaitzek, eta Oiartzungo eredugarria dela. Fumigazioarekin kezkatuta daudela jakinarazi zuen, eta ingurumena zainduko duen ereduaren aldeko apustua egiten dutela berretsi.
EAJko Rafael Bergaretxek, bere aldetik, azaldu zuen bere taldearen proposamena orokorra zela, beste udalerrietan aurkeztutakoa. Hala ere, Oiartzungo kasua berezia da, pinuek baso azaleraren zati txiki bat bakarrik direlako. “Gaitza aspalditik zabalduta dago, baina guk ez dakigu zein den arrazoia. Zerbait egiten ez bada, 4-5 Gipuzkoako pinuak ihartuko dira”. Airezko tratamenduaren alde egin zuen, baldin eta horretarako baimena ematen badute, legezko parametroen barruan.
“Tratamendua egiteko produktua gaur egun ere nekazaritzan erabiltzen da. Are gehiago, baita nekazaritza ekologikoan ere”, gaineratu zuen EAJko zinegotziak. Hori bai, pertsona eta ingurumenari kalterik ez egiteko ahal den guztia egitea eskatu zuen.
Basogintzan aritzen den sektorea babestu nahi dutela argudiatu zuten jeltzaleek, eta pinudi jabeen interesak babestu. Kinka larrian dauden beste sektore batzuk babesten direla gaineratu zuen Bergaretxek. Hala ere, garbi utzi nahi izan zuen beharrezkoa dela baso politika berriak diseinatzea, eta Oiartzungo Udalarena egokia izan dela.
Beste eskualdeetako egoera kontuan hartuta —basogintzak pisu handiagoa du—, mozioaren kontra eman zuten botoa.
Gainontzeko puntuak
Hurrengo puntua ordezkari politikoen soldatena izan zen. Ahobatez onartu zuten eguneratzea. 2016an onartutako tarifei %2ko igoera aplikatuko zaie. Honela, zinegotzi bakoitzak hilean 367,20 euro jasoko ditu bere jardunarengatik eta talde politiko bakoitzak 142,80 euro.
Gainontzeko puntuei dagokienez, elkarte edo eragileei diru laguntzak jorratu zituzten. Herriko bi museo, Soinuenea eta Luberri, kudeatzeko udalak aurten emango dituen diru-laguntzak ere onartu ziren: 89.700 euro Soinueneari eta 63.777 euro Luberriri.
Hezkuntzan bi puntu jorratu zituzten. Alde batetik, Haurtzaro Ikastolak eta Oiartzungo Udalak sinatuta duten hitzarmenari dagokiona. Aurtengo diru laguntza ematea onartu zen (ikasleko 486 euro). Bestetik, Urmendi Haur Eskolari egin beharreko ekarpena ere onartu zen atzo. 0-3 haur hezkuntza zentroan 716.100 euro inbertituko ditu Udalak. Biak aho batez onartu zituzten.