Pentsiodunek mobilizazio urtea izango dute aurtengoa ere
Orain arteko protesten emaitza urria izan dela diote, baina lortu dutela pentsiodunen mugimenduaren eskakizunak alderdi politiko eta instituzioen agendetan sartzea.
Mobilizazio urtea, kaleak hartu eta pentsio duinak aldarrikatzekoa izango dute aurtengoa ere jubilatu eta pentsiodunek. Hala esan du Duintasunak. Orain arteko protesten emaitza urria izan dela diote, baina lortu dutela pentsiodunen mugimenduaren eskakizunak alderdi politiko eta instituzioen agendetan sartzea. Ez dirudi gutxiesteko moduko lorpena. Ez da gainera, bakarra izan: 2018an pentsio guztiak 1.7 igotzea lortu dute; 1.6, 2019an. Gutxieneko pentsioen kasuan, berriz, %3ko igoera izango dute bi urte horietan. Alargunen kasuan, soldata arautzailearen kalkulua %56koa izatera pasa da 2018an eta %60ra igoko da aurten (igoera horrek zituen baldintzengatik alargunen %16ari baino ez badio eragin ere, gehienak emakumeak). Iraunkortasun faktorea 2023ra arte atzeratzea ere lortu da.
Astelehenean (hilak 4) berriz ere irtengo dira kalera hamarnaka eta hamarnaka lagun pentsio duinak, eta horrenbestez bizitza duina exijitzera. Pentsio sistema publikoaren alde egingo dute eta %0,25eko igoeraren kontra. Izan ere aipatu lorpenak Duintasunaren aldarrikapen eta oinarrizko eskakizunetatik oso urruti daudela esan du elkarteak: “KPIaren araberako pentsioen igoera bermatzea, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, iraunkortasun faktorea bertan behera uztea eta 2011 eta 2013 urtean egin ziren lan eta pentsioen erreformetan onartu zituzten murrizketa guztiak bertan behera uztea eskatzen dugu. Ezin dugu ahaztu pentsio sistema publikoa indartzea eta bermatzea eskatzen dugula, eta horien pribatizazioaren kontra gaudela”.
Horrek guztiak kalera ateratzera derrigortzen diela gaineratu du, “kalera ateratzen jarraitu behar dugu; garrantzi bizikoa izango da gure aldarrikapenek kaleak hartzea datozen hilabete hauetan, udal hauteskundeak, foru hauteskundeak eta Europakoak izango dira, eta alderdi guztiak saiatuko dira behintzat gure eskaeren kontra ez azaltzen”.
Herriko kale, plaza, udaletxe eta beste erakundeen aurrean protesta egiten jarraituko dutela diote datozen hilabeteetan ere, eta zehazki mobilizazio bateratua egingo dutela Hego Euskal Herrian ere jakinarazi dute maiatzean: “Mobilizazio horretan parte hartzera deitu nahi ditugu beste eragileei, ez direlako soilik gaurko pentsio publiko eta duinak jokoan daudenak, etorkizunekoak ere jokoan daude”.
Martxoaren 8aren harira mugimendu feministak deitutako mobilizazioak babestu ditu, bestalde, Duintasunak.
Astelehenean 11:00etan bilduko dira Herriko plazan eta bertan elkarretaratzea eginda manifestazioa egingo dute herriko kaleetan barrena.