'Masacre en Gasteiz' filma, martxoaren 3a ez ahanzteko
1976 martxoaren 3a izango dute hizpide. Greba orokorraren testuinguruan Espainiako Polizia Nazionalak sarraskia eragin zuen. Bost lagun hil zituzten, eta 150 zauritu.
Hitzaldien dinamikarekin jarraitzen du Gaztañoko Sorguneak. Datorren ostiralerako deitu du hurrengo hitzaldira, pasa den hilabetean torturaren gainean Paco Etxeberriarekin hitzaldi arrakastatsua eta Guazen! euskal presoen eskubideen aldeko eguna antolatu eta gero. Oraingoan, Gasteizera jo dute Sorguneko kideek, eta zehazki 1976 martxoaren 3a izango dute hizpide. Greba orokorraren testuinguruan Espainiako Polizia Nazionalak sarraskia eragin zuen. Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko. Elizaren ate bakarretik irteten hasi zirenean tiroka hartu zituzten. Bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek bertara bilduta ziren langileei.
Bost lagun hil zituzten, eta 150 zauritu. Polizia haien eta Espainiako gainerako polizia indar guztien burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen, eta sarraskiaren erantzukizuna egun haietako protestak egiteko deialdia egin zutenei egotzi zien.
Masacre en Gasteiz filma emango dute Gaztañoko lokal berrian hilaren 8an 19:00etan. Ondoren, Martxoak 3 plataformako kideekin solasaldia antolatu dute.