Udal instalazioen erabilera "alderdikoia" egitea egotzi dio EH Bilduri alderdi sozialistak
Hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi guztiek hala adosten dituzten espazioak erabiltzeko aukera bera izatea eskatu du alderdi sozialistak.
Udal instalazioak alderdi interesetarako erabiltzea egotzi dio EH Bilduri alderdi sozialistak. Koalizio subiranistak alkategaia aurkezteko bideoa egin berri du, horretarako udal instalazioak baliatu dituela eta onartezintzat jo du alderdi sozialistak: “Beste behin ere, EH Bilduk, errenteriar guztion etxea den udala, bere etxea balitz bezala jokatu du. Ohituta gaude muga guztiak gainditzen ikusten espazio publikoa erabiltzeko garaian helburu elektoralekin”.
Arrazoi horregatik hainbat bizilagunen kritikak jaso dituela EH Bilduk, baita sare sozialetan ere erantsi du PSE-EEk. Hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi guztiek hala adosten dituzten espazioak erabiltzeko aukera bera izatea eskatu du alderdi sozialistak, “aukera berdintasuna delako demokraziaren oinarrietako bat”.