Lehen Hezkuntzako metodologiaz mintzatuko da Gipuzkoako Waldorf Eskola
Waldorf hezkuntza eredua ezagutzeko aukera eskainiko du hitzaldiak. Gipuzkoako lehen Waldorf eskola 2019-2020 ikasturtean jarri nahi dute martxan.
Gipuzkoako Waldorf Eskolak hitzaldia emango du larunbatean Errenteria-Oreretako Xenpelar aretoan. Hitzaldi horretan Lehen Hezkuntzako (6-12 urte) Waldorf metodologia eta pedagogia aurkeztuko dute. Waldorf metodologiak, era harmoniko batean garatzen du iniziatiba, sentimena eta adimena: “Etapa horretan, irakur idazketa, matematika, akuarela, marrazketa, txirula, gurutze puntua, kakorratza, eta baratza lantzen dira beste arlo askoren artean”.
Hitzaldia Trokonizko (Araba) Geroa eskolako irakasleek emango dute. Eusko Jaurlaritzak homologatuta dago eta kontzertatuta dago. Gipuzkoako Waldorf Eskola taldeak 2019-2020 ikasturterako Waldorf ereduko eskola zabaldu nahi du Gipuzkoan, eta horretara bideratu ditu bere indarrak. Horregatik guztiagatik, herritar guztiak gonbidatu ditu larunbateko hitzaldian parte hartu eta Waldorf hezkuntza eredua ezagutzera: Berritzailea da, humanista, 100 urteko ibilbidea du eta mundu osoan zabalduta dago”.
Gipuzkoako lehen Waldorf eskola izango dena sortzeko tokiaren bila ari dira, baita proiektu horretan interesa izan eta parte hartu nahiko luketen pertsonen bila ere. Hitzaldia 17:00etan hasiko da.
Rudolf Steiner pentsalari eta ekintzailearen printzipioetan oinarritzen da Waldorf eskola. Haurrari bere ikasketa prozesuaren jabe izatea bultzatzen du Waldorf pedagogiak, sormena eta ekimena landuz. Egun, munduan zehar 500 Waldorf eskola baino gehiago daude 30 herrialde baino gehiagotan.
Informazio gehiago jaso nahi dutenek 644 94 43 49 telefono zenbakira deitu, posta elektronikora mezua bidali, edo Gipuzkoa Kostaldeko hezkuntza proiektuaren Facebook kontuan sar daitezke.