Harrera Herria programan parte hartu nahi duten emakume pasaitarren bila ari da udala
Pasaian aspalditik bizi diren emakumeak bildu nahi dituzte, emakume etorri berriei laguntzeko.
Pasaiako Udala aspalditik ari da emakume etorri berriei komunitatean txeratzeko ahalegina erraztu nahian; irudian jatorri askotako emakumeen topagunea, Trintxerpeko alkateordetzan. Pasaiako Udala Harrera Herria programan parte hartu nahi duten emakumeen bila ari da. Mentoretza sozialaren bitartez, emakume etorri berriei harrera integrala egiteko proiektu pilotu bat martxan jarri nahi dute, SOS Arrazakeriak eta Elhuyarrek dinamizatuta.
Pasaiako Inmigrazio edo Berdintasun zerbitzuek azaldu dutenez, “mentoretza akonpainamendu prozesu bat da, non mentoreak (aspalditik udalerrian bizi diren emakumeak) mentoratuari (Pasaiara bizitzera etorri berri diren emakumeei) lagunduko dio komunitatean txertatzeko prozesua arintzen”.
Proiektuan parte hartzeko ezinbestekoa da 18 urte baino gehiago izatea, eta ezinbestekoa partaideei eskainiko dieten formazio saioetan parte hartzea. Otsailean izango dira formazio saioak. Horiez gain, noski, denbora, gogoa eta ilusioa, eta nola ez, etorri berriei entzuteko eta eta haien bidelagun izateko prestutasuna.
Interesatuek udalaren webgunean topa dezakete proiektuaren inguruko informazio zabalagoa, eta parte hartu nahi izatekotan 943 344034 (Luz. 910) telefono zenbakira deitu behar da.
