Talde politikoek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak osatutako lantaldea jarriko du martxan udalak
Segurtasunaren inguruan akordioa hartu du Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. EH Bilduk, PSE-EEk, Errenteria Irabazizek eta EAJk dute ordezkaritza batzordean eta aho batez onartu dute akordio hori.
Segurtasunaren inguruan akordioa hartu du Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. EH Bilduk, PSE-EEk, Errenteria Irabazizek eta EAJk dute ordezkaritza batzordean eta aho batez onartu dute akordio hori. Datozen urteetan Errenteria-Oreretak izango dituen erronkak arrakastaz erantzuteko segurtasuna gakoa izango dela dio bozeramaileen batzordeak eta horren inguruan iniziatiba bat martxan jartzeari egoki iritzi diotela azaldu du, “Errenteriako herritarrentzat positiboa izango delako”. Herritarren segurtasuna bermatzeko ezinbestekotzat jo du batzordeak gizarte inklusiboa, solidarioa, kohesionatua, gizon eta emakumeei aukera berdinak eskaintzen dizkiena eta kide ororen errespetuan oinarritutako bizikidetza funtsezkoa duena, “baita norberaren garapen osorako ere”.
Aurrekoak segurtasun publikoko politika eraginkorragoak eraikitzeko elkarlanean aritzeko oinarriak direla esan du, eta segurtasunaren gobernantzarako sistema berria izatea garrantzitsua dela erantsi . Eredu berri horren oinarria, berriz, herritarren parte hartze zabala ahalbidetzea izan behar du alderdi politikoen esanetan, “eta horrek suposatzen du erkidego-polizia hurbilaren aldeko apustua egitea”. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kriminalitatearen inguruan jasotako datuak baztertu gabe, segurtasunaren inguruko pertzepzioak geroz eta garrantzi handiagoa du bozeramaile batzordearen ustetan, eta aitortu du beren ardura dela, “politika publikoak gauzatzen ditugunez” herritarren segurtasunaren inguruko eskaerei erantzutea segurtasun falta sumatzen badute.
Segurtasuna ikuspegi integraletik landuko bada ezinbestekoa dela Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Kontseiluaren lanean sakontzea gaineratu dute, “funtsezkoa deritzogu, halaber, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta gai honetan eskumenak dituzten gainontzeko erakundeekin lankidetzan aritzea”.
Horrekin batera talde politikoetako, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkariekin osatutako lan taldea sortzea erabaki dutela jakinarazi dute. Herritarren segurtasuna hobetzeko elkarlanean aritzea izango da lantaldearen helburua, eta horretarako polizia biek bildutako datuak, herritarren pertzepzioen ingurukoak,eta poliziek, udal gobernuak edo oposizio taldeek herritarren segurtasuna hobetzeko egindako proposamenak. Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Kontseiluaren proposamen eta ekarpenak aztertuko ditu lantalde horrek, eta segurtasunerako egoki diren erabakiak hartuko ditu.
Parte hartze prozesua
Segurtasunaren gobernantzarako sistema berriaren barruan parte hartzeko prozesua abian jartzea erabaki dute alderdi politikoek. Helburua, segurtasunaren inguruko erabakietan herritarrek parte har dezatela da. Ordenantza adostea ere ezinbestekotzat jo dute: “Gure herrian bizikidetza laguntzeko eta guztion errespetua bermatzeko”. Ordenantza hori idazteko prozesuan, auzo elkarteak, merkatariak eta arlo guztietako entitateak txertatuko dituztela jakinarazi dute.
Herritarren segurtasuna bermatzeko egin beharreko lanak bi oinarri izan behar dituela erantsi du azkenik bozeramaileen batzordeak: “Gardentasuna, herritarrei egindako urratsen berri emateko eta segurtasunaren inguruko erabakietan parte har dezaten; eta konfidentzialtasuna, segurtasunaren inguruko kontuak arrakasta izan dezaten. Dagokigun erantzukizuna gure gain hartzen dugu, guztiok garelako arazo honen konponbidearen parte”.