Alderdi guztien arteko akordioa garrantzitsutzat jo du Errenteria Irabazizek
Alderdi guztiek adostuta udalak hartutako neurriek Errenteriaren espazio publikoen erabilera "baketsu eta ordenatua" ekarriko duen zalantzarik ez du Errenteria Irabazizek.
Herritarren segurtasunaren inguruan Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek hartutako akordioa garrantzitsutzat jo du Errenteria Irabaziz hautesle elkargoak. Atzo jakinarazi zuten prentsa ohar bidez alderdi guztiek (EH Bildu, PSE-EE, Errenteria Irabaziz eta EAJ) aho batez adostu dutela segurtasunaren gaineko akordio hori. “Pozik gaude, ulertu dugulako lau alderdi politikoek Errenteriarrekin hartu dugun konpromiso publikoaren arabera, ez dugula helburu elektoralistekin erabiliko promesa antzuak eta behin betiko irtenbideen salmentari tarterik uzten ez dion gai bat”, azaldu du hautesle elkargoak.
Udaltzaingoa eta Ertzaintzarekin lantaldea sortzea eta elkarbizitzarako ordenantza egiteko martxan jarriko den parte hartze prozesuak, Errenteriaren espazio publikoen erabilera “baketsu eta ordenatua” ekarriko duen zalantzarik ez duela erantsi du, bestalde Irabazizek, “helburua gure herriko kaleetatik askatasun osoz ibili ahal izatea da, gainontzeko pertsona eta ondareekiko errespetu osoa delarik muga bakarra”.
Prebentzioaren garrantziaz mintzatu da, bestalde. Izan ere, segurtasuna estuki lotu du askatasuna eta pertsonen elkarbizitzarako egokia den giroa eta baldintzak sortzearekin: “Honek delitua edo erasoa gertatu aurretik esku hartzea suposatzen du”. Udalak hartutako neurri guztiak bide horretan doazela, eta horren erakusle garbia hurbileko polizia prebentiboaren eredua dela nabarmendu du, eta polizia eredu horren aldeko apustua berretsi du. Halaber, Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Kontseiluaren sorrerari egin dio erreferentzia Irabazizek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan praktikoki aitzindaria den esperientzia”.
Argi esan du hautesle elkargoak: ” Ez dugu bidea egingo, argi ez dauden interesen eta artifizialki sortutako alarma egoerarekin Errenteria bere osotasunean estigmatizatzen dutenekin. Bai ordea, gure herriaren balioa nabarmentzearen aldeko apustua egiten dutenekin. Eta horrek ez du esanahi pertsona batzuek eragin ditzaketen elkarbizitza arazoak ezkutatzea. Horiekin polizia interbentzioa eta penala erabili behar da. Baina barne hartzen duen Errenteria baten alde egiten dugu, ez Errenteria baztertzaile baten alde; bertan biziaren guztiokin solidarioa den herri baten alde; guztion segurtasuna eta askatasuna bermatzeko gizarte kohesioaren alde egiten duen Errenteria bat nahi dugu. Apustu horiek guztiak, indartu egin dira EH Bilduk, PSE-EEk, Errenteria Irabazizek, eta EAJk adostutako akordioaren ostean, zalantzarik gabe”.