Martxoak 8ko plantoa prestatzeko deialdi berria luzatu du Antxoko batzar feministak
Ostiralean elkartuko dira berriz (hilak 15) grebarako materiala prestatzeko.
Pasai Antxoko Asanblea Feminista laugarrenez bildu zen atzo, Bekoz Beko taldearen egoitzan, batzar irekian, Martxoak 8ko greba eguna eta grebaren atarikoak antolatu eta prestatzeko.
Hilabete baten faltan, greba eguneko ekitaldi gehienak definituta daude, baita greba girotze aldera aurretik egin asmo dituzten beste hainbat jarduera ere, tartean otsailaren 23rako aurreikusitako “performancea”.
Horien denak aurrera nola eraman zehazten aritu ziren atzokoan, ardurak banatzen, eta behin betiko egitaraua ixten, eta deialdi berri bat plazaratzea ere adostu zuten, hain zuzen ere, aurreikusiak dituzten ekitaldietan erabiliko dituzten aldarriak prestatzeko.
Ostiralean bilduko dira berriro ere, 17:00etan, Bekoz Bekoren egoitzan. Herriko emakume denei luzatu diote bertaratzeko deialdia eta, bide batez, grebaren prestaketa lanetara saretzeko gonbidapena helarazi.