[Emaitzekin] Gehienak, berri onak
Lezoko kirol taldeen asteburua, oro har, ona izan da. Zerbait jokoan duten taldeen artetik gehienek garaipen garrantzitsuak lortu dituzte.
Ontzat eman daiteken Lezoko kirol taldeen asteburua. Porrot mingarriren bat kenduta, (Jaixkirena areto futbolean, edo Munttarperen emakumeena), jardunaldi ona izan da herrikoentzat. Are gehiago: herriko kirol talde nagusiek(Senior nahiz Gazte mailetakoak) jokatu dituzten zazpi partidetatik, bi porrot horiek soilik izan dira.
Gizonen Allerruren talde nagusiak urrezko hiru puntu irabazi zituen Plazetan larunbatean, Beti Gazteri 2-1 irabazita. Argi dute zuri-berdeek: salbazioaren giltza Plazetan dago. Urritik, partida bana berdindu eta galdu dituzte lezoarrek etxean, hau da, beste sasoi batez Erregional Ohorezko Mailan mantentzeko helburua etxean mamitzen ari dira. Kanpoko lehietatik puntuak badatoz, noski, ongietorriak. Irabazten hasi zen Allerru larunbatean Agirregomezkortaren golari esker, baina nafarrek atsedenaldia hurbil zela lortu zuten berdinketa. 60. minutuan, Xabi Prietoren golari esker, aurreratu zen Allerru. Baina epaileak azken hiru txistukadak bota arte, sufritzen badakiela erakutsi zuen taldeak.
Eskubaloian, gizonen Munttarperen taldeak garaipen gozoa lortu zuen Bidasoa Irunen kantxan, 28-30. Joan den asteko ezustekoari buelta eman zioten, eta lidergoan jarraitzen dute lezoarrek, irmo, estreinatzen ari diren Gipuzkoako Lehen Mailan ahalik eta denbora gutxien egon nahi dutela esanez. Sasoi ikusgarria egiten ari dira.
Areto futbolean, Jaixkik ezin Euskalduna liderraren etxean, 3-1 galduz. Igandeko goizeko partidan galtzeagatik, Gipuzkoako Lehen Mailako hirugarren koskara jaitsi dira Jaixkikoak. Gaintxu, berriz, sendo maila mantentzeko borrokan arerio duen Laubururi 6-1 irabazira. Itxura ona du Gaintxukoen salbazioak.
Saskibaloian Kurkubiren jipoia Internacional taldeari, 72-44. Gipuzkoako Hirugarren Mailako goiko postuetan egoteko, ordea, beste bi partida jarraian (gutxienez) irabazi behar dituzte, igoeran amesten hasteko erregularragoak izan behar dute, beraz. Bidean dira.
Jarraian, emaitzen koadroa:
FUTBOLA
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
- Allerru-Beti Gazte 2-1
Emakumeen Gorengo Maila, Kopa
- Atseden zuen Allerruk.
Gizonen Gazteen Ohorezko Maila
- Beti Gazte-Allerru 2-4
Gizonen Gazteen Lehen Maila, Kopa
- San Marcial B-Allerru 4-4
ESKUBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Bidasoa Irun-Munttarpe 28-30
Emakumeen Gipuzkoako Liga
- Eibar-Munttarpe 30-25
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Gaintxu AFT-Lauburu 6-1
- Euskalduna-Jaixki AFT 3-1
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Maila
- Kurkubi SBK-Internacional 72-44