Lezoko Elias Salaberria kaleko lanak, azken fasean
Zuhaitz berriak jarriko dituzte, eta aldi berean, errekaren bidearen altuera handitu dute, seguruago egiteko. Baldosak eta argiteria jartzea falta da.
Lur azpiko saneamendu guztia berritua dago, eta errekaren bideko horma egina. Orain, baldosak jartzea falta da. Lezoko Elias Salaberria kalea biziberritzeko lanak azken fasean daude beraz, Lezoko Udalak jakinarazi duenez.
Kalea guztiz pitzatuta zegoen, bertako zuhaitzen sustraiek eraginda. Hori konpontzeko, eta aldi berean errekaren bidea herritarrentzat seguruago egiteko —horma handiagoa da orain— egin dituzte lanak kale horretan, azaroan hasita. Argiteria berria ere jarriko dute.
Zuhaitzak aldatu egin dituzte aldi berean. Txikiagoak eta eremurako egokiagoak jarriko dituzte, udalaren esanetan. Gainera, hainbat zuhaitz gaixorik zeuden, erortzeko arriskuarekin. Beste batzuk, esan bezala, sustraiak nahieran zituzten sakabanatuta, lurzoruan pitzadurak eraginez. Orotara 18 zuhaitz dira aldatuko direnak, hiru makal eta hamabost zumar: madariondoen familiako Pyrus Calleryana zuhaitzak jarriko dituzte eremu horretan, hamabi.