Lore koroak egiteko tailerra Habian! hazitegian
Ezagutzarik ez duten helduei begirakoa da tailerra, eta 12 urtetik gorako gaztetxoek ere izango dute parte hartzeko aukera. Gehienez 12 parte hartzaile onartuko dituzte.
Loregintza tailerra antolatu dute Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Idoia Lizeaga Iturralde bitxigile eta lorezaintzan adituak hilaren 28an, 16:00etan Torrekuan. Koro aromatikoak egiteko teknikak ikasiko dituzte parte hartzen dutenek, eta barne dekoraziorako edo norbere apaingarri gisa erabiltzeko koroak egingo dituzte. Tailerrak hiru orduko iraupena izango du eta Lizeagak gidatuko du, beste hiru bitxigilerekin batera. Lizeaga Habian! Fabrika Kreaktiboa hazitegi kolaboratiboan lanean ari da egun.
Ezagutzarik ez duten helduei begirakoa da tailerra, eta 12 urtetik gorako gaztetxoek ere izango dute parte hartzeko aukera. Gehienez 12 parte hartzaile onartuko dituzte tailerrean, eta laguneko 10 euro balio du. Diru horrekin erabiliko den materiala ordainduko dute antolatzaileek. Izena emateko epea hilaren 27an amaituko da, edo tailerraren hamabi lekuak osatzen direnean, izena emateko ordena errespetatuz. Izena emateko lehenengo erreserba egin behar da emailez, 943 49 41 29 telefono zenbakira deituta edota koro aromatikoak izen emate orria beteta.
Ez da Habian! iniziatibaren barruan antolatuko duten tailer bakarra. Datozen hilabeteetan beste lau tailer egingo dituzte. Martxoan Agara Agirrek Paperezko bitxiak egiteko tailerra egingo du; apirilean, Inma Gomezek diadema eta turbante ikastaroa; ekainean, Sharpa Marketingek sare sozialen gainekoa; Irailean, Jone Tabernak, Korapiloena; eta azaroan Ainhoa Redondok, Ilustrazioa familian.