PSE-EE: "Segurtasuna hobetzeko aurrera urratsa da akordioa"
Aurrera urratsa. Hala definitu du alderdi sozialistak joan den astean bozeramaileen batzordeak segurtasunaren inguruan aho batez adostutako akordioa.
Aurrera urratsa. Hala definitu du alderdi sozialistak joan den astean bozeramaileen batzordeak segurtasunaren inguruan aho batez adostutako akordioa. Orain arte, azken zortzi urteetan, ezin izan duela segurtasunaren gaineko erabakietan parte hartu esan du alderdi sozialistak bidalitako prentsa oharrean: “EH Bildu eta Irabaziz-Podemos artean hartu dituzte erabakiak unilateralki, eta gardentasun falta izan da nagusi”. Azken urteetan gobernu taldeak bultzatu duen polizia ereduarekin eta kudeaketarekin desadostasuna sarri jarri duela mahai gainean esan du bestalde, PSE-EEk: “Patruila unitarioak ezarri dituzte, eta edukirik ez duten funtzioak ezarrita udaltzainek beraiek salatu dutenaren arabera”.
CCOO sindikatuak hainbat aldiz salatu duela plantillako plazak ez direla betetzen nabarmendu du, “%35era heldu daiteke egun . Lehentasuna da guretzat gai hau, baita etorkizuneko erretiroak ere, kalitatezko zerbitzua bermatzeko”. Garrantzitsua dela ere Herritarren Segurtasunerako Aholku Kontseiluaren lana sendotzen jarraitzea erantsi du, “araudiak gutxienez sei hilabetero bildu behar duela zehazten badu ere, 2016az geroztik hirutan baino ez da bildu. Horrek erakusten du ez dela zuzen funtzionatzen ari. Herritarren, Udaltzaingoko sindikatuen, eta oposizioko alderdien eskaerak gai garrantzitsu honen gainean erabakiak birpentsatzera eraman du gobernu taldea. Orain, akordioarekin, oinarriak jarri dira gaiari elkarlanean erantzuteko”