Garraio publikoaren tarifak adostea eta doako transbordoak txertatzea eskatu dio EH Bilduk Marisol Garmendiari
Errenteria eta Hernaniko udalek gutuna helarazi diote Garmendia diputatuari akordioetara heltzeko borondatea adierazteko.
Garraio publikoaren tarifak adostea eta doako transbordoak txertatzea eskatu dio Gipuzkoako EH Bilduk Marisol Garmendia diputatuari. Ez da koalizio subiranistak egin dion eskaera bakarra, 51. bidaiatik aurrerakoak doakoak izatea ere eskatu du.
Etzi (osteguna) egingo dute 2019ko tarifak adosteko Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren batzarra. aurreko deialdian ez zela egin gogorarazi du EH Bilduk “gutxieneko quorumik ez zelako izan, PSE-EEko ordezkariak bakarrik bertaratuta”. Gutxiengo egoera horretan, alderdi sozialistak adostasunera heltzeko beharra daukala nabarmendu du, gainera, Jon Albizu batzarkideak Errenteriako Udaleko Jon Txasko zinegotziarekin eta Hernaniko udaleko Koro Etxeberria zinegotziarekin egindako agerraldian: “Logikak dio EAJrekin iritsi beharko lukeela akordiotara, Donostiako Udalean, foru aldundian eta Eusko Jaurlaritzan bazkide dituenekin. baina azken batzarrera EAJko ordezkaritzarik azaldu ez izanak agerian utzi du EAJk eta PSE-EEk tarifak adosteko dituzten desadostasunak”.
Tarifak EH Bildurekin adostea izango litzatekeela bigarren aukera esan dute. 51. bidaiatik aurrerakoak doakotasuna proposatu du EH Bilduk, eta transbordoak ere doakoak izatea (orain billete merkeena %25a ordaintzen da). Bi neurri horiek garraio publikoa gehien erabiltzen dutenentzat izango luke koalizio subiranistaren esanetan.
Hilabete hasieran Marisol Garmendiak Garraio Agintaritzako kide guztiei tarifen inguruan akordiotara iristeko egindako deia “propaganda hutsa” izan dela dio EH Bilduk, bestalde, “ez baita agintaritzako kideekin harremanetan jarri, ez behintzat EH Bilduko ordezkariekin”. Horren harira, Errenteria eta Hernaniko udalek pasa den astean gutuna bidali diotela diputatuari gaineratu du Albizuk, akordioetara heltzeko borondatea adieraziz, “erantzunik jaso gabe jarraitzen dugu. Uste dugu benetan kezkagarria dela gauzatzeko konkreziorik ez duten deialdi publikoak egitea”.
Aldundiaren proposamenari dagokionean, orain arteko abantailei gazteentzako hobariak gehitzea pauso bat dela deritzo EH Bilduk, baina ez dela duela lau urte tarifa finkoa agindu zuen aldundiarengandik esperotakoa. EH Bilduren apustua eta elkarrizketarako borondatea “benetakoa dela” gaineratu du Albizuk: “Gure proposamena egingarria da, eta hilaren 14a aurretik erantzun bat izango dugula espero dugu”.