Kataluniako buruzagi independentistak babestera deitu dute
Elkarretaratzera deitu du gaur arratsaldean Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago dinamikak. 19:00etan izango da Zumardian.
Elkarretaratzera deitu du gaur arratsaldean Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago dinamikak gaur hasi berri den Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa salatzeko. Espainiako Estatuko Auzitegi Gorenean hasi da epaiketa gaur, 2017ko urriaren 1eko galdeketaren harira. 24 auzipetu daude eta, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan egingo dituzte saioak, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara. Hiru hilabeteko iraupena izatea epaiketak aurreikusi du Espainiako Auzitegi Gorenak.
Epaiketa hori salatzeko eta auzipetuei babesa erakusteko elkarretaratzera deitu dute gaur 19:00etan Zumardian. Demokraziaren aurkako epaiketa dela salatu du Gure Esku Dago dinamikak, eta ez dela soilik Kataluniaren aurkako epaiketa nabarmendu du, “denon eskubideak epaitzen ari dira”. Salatzera deitu ditu herritar guztiak, gaurko elkarretaratzearekin bat egitera, eta bide batez, igandean Donostian manifestaziora deitu dutela jakinarazi du. 12:00etan abiatuko da azken hori.
BERRIAko Igor Susaeta kazetaria epaiketaren lehenengo saioaren zuzenekoa ari da egiten twitter bidez.