Lezora iritsi da 'Black is Beltza'
'Black is Beltza' nobela grafikoaren emanaldia larunbatean da, 19:00etan hasita, Gezala Auditoriumean. Fermin Muguruzak zuzendutako lana da.
“1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruñeko sanferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari iparramerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte-hartzea”. Hori da Fermin Muguruzak zuzendutako, eta Harkaitz Canok (testuak) eta Jorge Alderetek (irudiak) mamitutako nobela-grafikoaren hasierako trama. Black is Beltza da. Lezon izango da hilaren 16an (larunbata), 19:00etan, Gezala Auditoriumean. Lezoko Zinema Txikiari esker iritsi da Lezora ikus-entzunezkoa.
Doan da emanaldia, sarrera libre eserlekuak bete arte. Euskal Herri osotik, eta nazioartetik ari dira zabaltzen lana, eta lezoarrek larunbatean ikusteko aukera izango dute, Lezoko neguko kultur programazioaren barruan.
Igandean, antzerkia
Larunbatean ikus-entzunezkoa, eta igandean antzerkia. Gezala Auditoriumean A Panadaria Galiziako konpainiak Elisa y Marcela antzezlana emango du igandean, 20:00etan hasita (zortzi euro). Hemen lanaren sinopsia:
“1901. urtea. A Coruñan bi emakume San Xurxoko elizan ezkonduko dira, euretariko bat gizonez jantzita. Polizia jazarpenez, ihesaldiz, nortasun aldaketez eta informazio maneiatuz beteriko istorioa da.
A Panaderiako komikoak gertatutako istorio erreal baten kontaketa irreberentea azalduko digute. Komedia musikal bat non benetakoa asmakizun dirudi. Elisa eta Marcelarena, denboraz kanpoko maitasun istorio bat”.