Aldarrikapena gailurreraino eraman dute
Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten bi preso oreretarrak etxeratzea eskatu dute mendi martxara bildutakoek.
Sare Herritarrak deituta mendi martxa egin zuten atzo. Helburua, larri gaixo dauden Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta Oreretako presoen etxeratzea eskatzea. Eguraldia lagun, 60 bat lagunek egin zuten bat euskal presoen giza eskubideen aldeko aldarrikapenarekin. Orain arte, herriko sektore ezberdinetako eragileek egin dute bat Arrieta eta Gogorza etxera ekartzeko dinamikarekin, eta azkeneko ekintza horretan, herriko hainbat mendizalek hartu dute lekukoa.
Oiartzungo Gurutze auzotik abiatuta sei kilometroko bidea egin zuten bildutakoek, elkarbizitza, konponbidea eta bakea aldarri. Argazkia Beloaga gaztelu aurrean egin zuten, eta amaitzeko salda hartu zuten Gurutzeko elkartean.
Sare Herritarrak antolatuko dituen iniziatibetan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak.
1999. urteaz geroztik dago preso Gogorza, eta bere egoera larria zelako 2013an Basauriko espetxera hurbildu zuten. Nahasmen obsesibo konpultsiboa eragiten dion buruko gaitza du Gogorzak, autolisi arrisku handiarekin. Azken urteetan hainbat aldiz ospitaleratu behar izan dute Basurtoko erietxean bere egoeraren ondorioz.
Espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 positiboarekin du Arrietak. Algeciraseko espetxean da, Euskal Herritik 1.100 kilometrora. Gaixotasun larria, sendaezina, eta endekapenekoa da Arrietak pairatzen duena. 2000 urtean espetxeratu zuten, eta azken urteetan Algecirasko espetxean dago. Lehen graduan sailkatuta dute preso oreretarra, eta isolamenduan dute.