Juanmi Gutierrez zinemagilea zendu da
Gutierrezen Musika Plaza amiantoaren istorioak dokumentalak mahaiaren gainean jarri zuen urte askoan isilean mantendu zen gaia, amiantoarena, eta ezagun egin zuen Paisa enpresa.
Juanmi Gutierrez (Errenteria, 1945) zinemagile, ikertzaile eta zinema aditu errenteriarra zendu da. Donostiako Herri Irratian lanean aritu zen, eta 1981ean HABEn hasiz en lanean. Bertan ikus-entzunezko didaktikoak egin zituen. Zinema dokumentalean aditua izan da batez ere Gutierrez, eta besteak beste, Cuentos de mayo (1998), Cronica d´o 25 de Chunio (2005), Hiru kontakizun krudel (2006), Blues del asno (2008), Manuale di ornitologia (2010), eta Zuri (2011) film laburren egilea izan zen.
Film luzeetan ere aritu zen. Ondokoak, Donostiako Zinemaldiak hautatutakoak dira: Tabula rasa (2004), Bozes Lexanas (2005), Isiltasun kalea (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu mesedez! (2009), Musika Plaza (2010) eta Mur-mur (2012).
Gutierrezen Musika Plaza amiantoaren istorioak dokumentalak mahaiaren gainean jarri zuen urte askoan isilean mantendu zen gaia, amiantoarena, eta ezagun egin zuen Paisa enpresa. Errenteria-Oreretako Martin Etxeberria kalean zuen eraikina Paisak, eta filmaren zuzendariak, bere amak mesotelioma garatu zuela kontatu zuen dokumentalean, Paisak haizagailutik isurtzen zituen zuntz kantzerigenoek kutsatuta. Oarsoaldeko mugimendu okuparen gainean ere egin zuen Gutierrezek dokumentala: Ateak zabalduz.