Egitarau feminista ondu du Bixi-Bixik martxoaren 9rako
Ikastaroak eta bertso bazkari musikatua antolatu dituzte
Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak egitaraua ondu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Martxoak 8ko grebaren ondorengo egunerako ikastaroak eta bertso bazkari musikatua antolatu dituzte.
Hiru tailer izango dira, guztiak, kulturgunean, 09:30etik aurrera. Autodefentsa feministarako bi tailer izango dira aukeran, hastapeneko bat, eta sakontzeko bigarrena, biak 16 urtetik gorako emakumeei zuzendutakoak, eta horiez gain, maskulinitate tailerra bat izango da 18 urtetik gorako gizonentzat. Hiru ikastaroak doakoak izango dira, eta hiruetarako aurrez eman behar da izena 667 722 144 telefono zenbakira deituta.
Eta goiza trebatzen igarota, jada giro lasaiagoan, bertso bazkari musikatua izango da elkartearen egoitzan, 14:30ean. Miren Amuriza eta Maddalen Arzallus ariko dira bertsotan, Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikariak lagunduta. Gai jartzaile Donibane Azkarate ariko da.
Bazkarirako txartelak salgai daude jada, 15 euroan helduentzat, 10 euroan gazteentzako eta 5 euroan haurrentzat. Ondoko establezimenduetan eros daitezke: Berezi okindegian, Itziar tabernan eta Xabiker harategian.